Skip to main content
2020/02/20

Berrikuntza teknologikoa geletan: Tecnuneko ikasleek diseinatutako proiektu bat saritu du Danobatgroupek

Berrikuntza teknologikoa geletan: Tecnuneko ikasleek diseinatutako proiektu bat saritu du Danobatgroupek
  • Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniarien Goi Eskolako ikasle talde batek tren ardatzetarako landutako artezteko makina baten diseinua saritu du industri taldeak
  • Ikasleek prestakuntza praktikoa eta teorikoa jaso zituzten proiektua aurrera eraman ahal izateko
  • Taldeak unibertsitateko komunitatearekin duen konpromisoaren barruan sartzen da saria


Fabrikazioko benetako inguruneen errealitatea hezkuntza komunitatera hurbiltzeko asmoarekin, Danobatgroup-ek industriako fabrikazio prozesuei aplikatutako berrikuntza proiektu bat saritu du berriro aurten. Proiektua, berriz, Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaren Goi Eskolan (Tecnun) Industriako Ingeniaritza Masterra egiten ari diren ikasleek landu dute.

Edizio honetan, parte hartzaileek taldetan antolatu dira tren ardatzen artezketarako doitasunezko makina-erreminta bat 4.0 ingurune automatizatu batean diseinatzeko xedearekin.

 

Infografía premios Tecnun Danobatgroup

Zehazki, ikasleen erronka izan zen makinaren kontzeptualizazioa eta dimentsionamendua planteatzea, hainbat faktore kontuan izanda, hala nola makina urtean 12.000 ardatz ekoizteko gai izan beharko zela, soluzioa gune automatizatu batean txertatu behar zela edo piezen karga eta deskarga egin behar zuela.

Saria Paul Eizmendik, Ainhoa Taboadak, Eric Roigek eta Juan Carlos Reteguik osatutako taldeari egokitu zaio, eskatzen zitzaizkien baldintzak bete dituztelako, hala nola doitasunari zein produktibitateari edo makinaren erroreen –error budgeting izenez ezaguna– analisiari eragiten dieten kalkuluetan eskatzen zen zehaztasuna.

ganadores premios tecnun Danobatgroup

Sarien epaimahaiak kontuan hartu du, halaber, otsailaren 19an, Elgoibarren, non industri taldeak egoitza baitu, ikasleek egindako soluzioen aurkezpenen kalitatea.

“Proiektuaren orijinaltasuna, planteatutako kalkuluen arrazoiketa eta zehaztasuna eta txosten teknikoaren kalitatea – txostenak soluzioak 4.0 ingurune batean nola funtzionatzen duen erakusten duten eskema, grafiko eta irudi asko zituen–, horiek izan dira talde irabazlearen alde egiteko kontuan hartu ditugun elementuak ”, ziurtatu du epaimahaiburu Harkaitz Urretak.

Proiektuak garatzen hasi aurretik, Tecnuneko Masterreko ikasleek doitasuneko kontzeptuen eta 4.0 teknologien gaineko klase praktikoak eta teorikoak jaso zituzten IDEKO zentro teknologikoan, Danobatgroupeko berrikuntza eragilea baita.

Prestakuntza abenduan jaso zuten, eta bertan Urretak, IDEKOko Diseinu eta Doitasuneko Ingeniaritzako ikerketa taldeko arduraduna ere badenak, doitasuneko kontzeptuen gaineko saio teoriko bat eman zien ikasleei. Horrez gain, kasu praktiko baten aurkezpenean ere parte hartu zuten ikasleek.

Era berean, IKTetako eta Automatizazioko taldeko ikertzaile Elena Urkiak ikerketa taldean 4.0 teknologien eta digitalizazio industrialaren alorretan egin diren azken garapen eta aurrerapenen gaineko prestakuntza eman zien ikasleei.

Prestakuntza egunean, halaber, IDEKOn kokatuta dagoen Digital Grinding Innovation Hub (DGIH) esperimentazio gunea eta artezteko makinen muntaketa lantegiak bisitatu ziren, non ikuspuntuak trukatu ahal izan zituzten, bai eta taldearen kezkak eta zalantzak lehen eskutik ezagutu eta eremu akademikoaren eta errealitate profesionalaren arteko harremanak indartu ere.

Danobatgroupen eta Tecnunen artean 2015eko abenduan egindako akordioan onartu ziren sarien helburua da unibertsitateko komunitatearekiko harremanak estutzea et unibertsitateetan eta gradu ondoko eskoletan eskuratutako ezagutzak fabrikazioko benetako inguruetara transferitzen laguntzea.

Sarien eta prestakuntzaren antolaketan ez ezik, beste ekimen batzuetan ere ari dira elkarlanean Tecnun eta Danobatgroup. Ekimen horietako bat da Ingeniarien Eskolaren Enplegu Foroa, zeina ikastetxearen instalazioetan egingo baita otsailaren 27an eta 28an Danobatgroupen presentziarekin.

 

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 65 urteko ibilbidea eginda, DANOBATGROUPek trebakuntza handiko 1.300 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.