Skip to main content
2021/06/14

Danobatgroupek STEM eremuan emakumeen bokazioak sustatzeko duen konpromisoa indartu du Gladys sarian parte hartuz

Danobatgroupek STEM eremuan emakumeen bokazioak sustatzeko duen konpromisoa indartu du Gladys sarian parte hartuz
  • Emakume profesionalek ingurune digitalean egiten duten lana aitortzea, lan hori zabaltzea eta gazteentzako erreferenteak sortzea helburu duen sariarekin bat egin du Danobatgroupek enpresa laguntzaile gisa.
  • Gladys saria PuntuEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesa du.
  • Danobatgroupen laguntza giza kapitalaren eta berdintasunaren alde eta emakumeek zientziari eta teknologiari egiten dioten ekarpena ikusaraztearen alde industria taldeak egiten duen apustuan kokatzen da.

Aukera berdintasuna funtsezko piezetako bat da giza kapitalaren eta talentuaren garapena kudeatzeko Danobatgroup-ek duen estrategiaren barruan. Horregatik, industria taldeak bat egin du, enpresa laguntzaile gisa, Gladys saria-ren lehen edizioaren antolaketarekin. Sariaren helburua emakume profesionalek ingurune digitalean egiten duten lana aitortzea eta zabaltzeaz gain, informatikaren esparruan gazteentzako erreferenteak sortzea da.

“Emakumeak karrera zientifikoak, teknologikoak eta ikerkuntzakoak egitera bultzatzea funtsezkoa da industria sektorearen iraunkortasunerako, ekoizpen ehunaren lehiakortasunerako eta berrikuntzaren sustapenerako", esan du Iker Usabiagak, Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendariak.

Gladys saria jasotzen duen pertsonak 3.000 euroko saria eskuratuko du. Gainera, sariaren helburu nagusietako bat bokazio zientifikoak sustatzeko erreferenteak sortzea denez, sarituaren ibilbidea jasotzen duen bideo bat egingo da. Era berean, STEAM bokazioak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) sustatzen dituen kaixomundua.eus proiektuko ikasleei hitzaldi motibatzaile bat emateko aukera izango du.

Sari horietan, ingurune digitalarekin zerikusia duten edozein arlotako emakumeek parte har dezakete, gehienez ere 40 urterekin. Hautagaiak zuzenean inskribatu ahal izango dira, edo hirugarrenek proposatu ahal izango dituzte, enpresa edo erakunde gisa, gladyssaria.eus webgunearen bidez. Izena emateko epea ekainaren 18an amaituko da.

Gladys del Estal informatikariaren omenez antolatzen den sari hau PuntuEUS Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak sustatzen dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesa ere badu.

Danobatgroupek arlo teknologikoan emakumeen presentzia ikusarazteko, bokazio zientifikoak bultzatzeko eta STEM eremuari erreferentzia femeninoak emateko beste ekimen batzuetan ere parte hartu du, besteak beste, Deustuko Unibertsitateak antolatutako Ada Byron sarien babesletzan.

 

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsonak baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.