Ikasgeletako talentu ikertzailea saritu du Danobatgroupek
-
Nafarroako Unibertsitatearen Tecnun Ingeniaritza Eskolako ikasle talde batek hodi hariztatuak konektatzeko kuplak mekanizatzeko doitasunezko makina-erreminta bat asmatu, dimentsionatu eta aurkezteko proiektu bat garatu du, eta industria taldeak proiektua saritu du
-
Finalera heldu ziren 4 taldeek beren proposamenak defendatu zituzten asteartean epaimahaiaren aurrean, IDEKO teknologia zentruan egindako ekitaldi batean
-
Danobatgroupek eta Tecnunek eremu akademikoaren eta profesionalaren arteko lotura indartzeko eratutako aliantzaren barruan eman dira sariak
Danobatgroup, makina-erreminten eta ekoizpen soluzio aurreratuen fabrikatzaileak, fabrikazio aurreratuko prozesuetan ikerketa teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko egiten ari den apustuaren barruan, industriako fabrikazioari aplikatutako berrikuntza proiektu bat saritu du. Nafarroako Unibertsitatearen Tecnun Ingeniaritza Eskolak ematen duen Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek garatutako proiektua da.
Edizio honetan, Valeria Herráez, Borja Hidalgo eta Alazne Sevilla izan dira sarituak. Saria emateko ekitaldia astearte arratsaldean egin zen, IDEKO Teknologia Zentruan.
Saria eskuratu ahal izateko, ikasleak lantaldetan antolatu behar izan ziren, eta industria talde batek planteatzen zien arazo teknologikoari erantzun bat eman. Kasu honetan, parte hartzaileek kuplak mekanizatzeko doitasunezko makina-erreminta batetarako soluzio bat bilatu behar zuten.
Erronkari erantzuteko balioko zuen proposamen bat lantzen hasi ahal izateko, parte hartzaileek formazioa jaso zuten aldez aurretik, eta bertan horri aurre egiteko beharrezko ezagutza teorikoak eta praktikoak eskuratu zituzten.
Edizio honetan, masterreko 43 ikaslek hartu dute parte guztira, 10 taldetan banatuta. Finalera igaro ziren 4 taldeek beren ekimenak defendatzeko aukera izan zuten atzo IDEKOn, Mikel Arizmendi Tecnuneko irakasleak eta Harkaitz Urreta Diseinu eta Doitasun Ingeniaritzako Ikerketa Taldeko kudeatzaileak osatutako epaimahaiaren aurrean.
Sari hauek sormena, berrikuntza eta talde lana sustatuz eremu akademikoaren eta profesionalaren arteko lotura bultzatzeko Danobatgroupek eta Tecnunek 2015eko abenduan sinatutako lankidetza hitzarmenaren parte dira. Ekoizpen inguruneetan digitalizazioak dituen erronkei aurre egiteko gai diren profil profesional berrien garapena sustatzeko industria taldeak egiten dituen ekimenetako baten parte, alegia.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologien alorrean 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.400 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.
Tecnuni buruz
Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritzako Goi Eskolak etorkizuneko ingeniariei prestakuntza profesionala, zientifikoa eta humanoa eskuratzen laguntzen die. 1961ean sortu zen, eta harrezkero irakaskuntzan, ikerketan eta gizarteari zerbitzua ematen dihardu modu orekatuan, jarduera horiek guztiak elkarren osagarri direla sustatuta.