SORALUCEk 2015eko Quality Innovation of the Year saria irabazi du
SORALUCE, A&B Laboratorios, TKNIKA, Vicomtech, Colegio Urkide Ikastetxea eta Osakidetza izan dira Euskadin 2015eko Quality Innovation of the Year saria irabazi dutenak. Enpresa hauek gainera Europako 2015eko Quality Innovation of the Year sariketan finalista ere aurkeztuko dira 2016ko urtarrilean Tallinnen (Estonia) aukeratuko delarik irabazlea. Lehiaketa Finlandian sortu zen 2007an produktuen, prozesuen, erakundeen eta bestelakoen arloan berrikuntzaren sorrera eta garapena sustatzeko helburuarekin. Besteak beste, herrialde hauek parte hartzen dute; Suedia, Lituania, Letonia, Estonia, Hungaria, Israel eta Euskaliten bitartez, Euskal Herria.
Rafael Idigorasek, SORALUCEko zuzendari nagusiak saria jaso zuen azaroaren 11an Euskalduna Jauregian antolatu zen ekitaldian.
Aurtengo parte hartzea esanguratsua izan da: 23 hautagai izan dira lehiaketako 6 maila desberdinetan banatuta.
Hamabost pertsonek osatutako ebaluazio taldearentzat, SORALUCEk enpresa handien mailan aurkeztu duen berrikuntzak balorazio azpimarragarria izan du prozesuan ebaluatzen diren 5 elementuetan: berritasuna, erabilera, ikaskuntza, bezeroarenganako orientazioa eta eraginkortasuna.
SORALUCEk DAS (Dynamics Active Stabilizer) sistema berritzailea aurkeztu du. Makinaren zurruntasun dinamikoa aktiboki handitzeko gaitasuna duen gailua da, ebaketa gaitasuna %300 handitzen duena. Ondorioz, mekanizazio prozesuan ezegonkortasun arriskua (chatterra) murriztu egiten da.
Berrikuntza hau, SORALUCE eta bere ikerketa zentro den IK4-IDEKOren artean egindako lanaren emaitza da, markak Alemanian duen BIMATEC SORALUCE zentro teknologikoan testatua izan dena.
DAS sistemak ebaketa orokorraren gaitasuna handitzen du, gainazalaren kalitatea hobetzen du eta erreminta apurtzeko arriskua gutxitzen du erremintaren bizitza erabilgarria handitzen delarik muga-ebaketa baldintzetan.
Aurrerapen berri honek SORALUCEk Home of Innovation gisa duen prestigioa egonkortu egin du. SORALUCEn berrikuntza bezeroengandik eta bezeroentzako sortzen da, hauek dituzten beharrei erantzuna emanez eta fabrikazio arloan dituzten erronketara egokitzen diren garapenak eginez.