Skip to main content
2011/01/05

3D plasma eta zulaketa, Danobaten ebaketa irtenbide berriak

FAGOR AUTOMATIONek, azoka berrietara zabaltzeko egiten ari den ekintzen artean,  3Dn plasma bidezko ebaketa sistema berritzailea sortu du DANOBATekin elkarlanean: RPD T modeloa, hain zuzen. Sistema horrek, eraikuntza metalikoan ohikoak diren materialak ez ezik, tutu biribil eta karratuak ebakitzeko aukera ematen du, eraikuntzan material horiek izaten ari diren gorakadari erantzuteko.

Fagorren CNC 8070 modeloak edozein ebaketa egiteko aukera ematen du, CAM erako ibilbide-sorgailuen bidez. Hala, langileak egin beharreko ebaketarekin inportatuko du piezaren planoa, eta CNC makinak automatikoki sortuko du ebaketa egin ahal izateko beharrezko ibilbidea, makro parametrizagarrien bidez  aurretik zehaztutako formetara mugatu gabe, ohiko sistemetan gertatzen den bezala. Makina-erremintaren zinematika estandarrez gain, CNC Fagorrek makinaren beharretara egokitzeko zinematika bereziak definitzeko aukera ematen du, Danobaten kasurako egin den bezala. RTCP funtzioak optimizatu egiten du zinematika berezi horren kudeaketa, plasmaren muturrak programatutako profila edo tutua jarraitzeko aukera izan dezan, plasmaren kokapena eta orientazioa edozein direla ere. RTCPrekin lan egiten denean, eta plasmaren orientazioa aldatu egiten denean, CNCk egokitu egiten du makinaren gainerako ardatzen posizioa, plasmaren muturraren posizioa piezaren gainazalaren gainean mantentzeko. RTCPren eta kontrol tangentzialaren kontrolaren bidez, plasmaren izpiaren ebaketak programatutako ibilbidearekiko duen angelua uneoro mantenduz ebaki daiteke profila. Plasma bidezko ebaketa T3CH modeloko zulagailu batekin lerroan instala daiteke. Hiru buru independenteko zulagailu sendoa da, erreminten aldagailu automatikoa duena. Zulaketez gain, T3CHren bidez, beste zenbait lan ere egin daitezke; hala nola hariztaketak, kanpo abeilanaketak, kanpoko allen buruak, punteaketa eta markaketa. Fagorrek dituen gauzatze kanal independenteei esker, bereiz kudea daitezke lerroaren dispositiboak; nahi izanez gero, gainera, aldi bereko eragiketak ere egin daitezke. Bestalde, CNCn egokitu egin da erabiltzailearen interfaza, makinara egokitzeko. Langileak uneoro ikusi ahal izango du makinaren langune bakoitzaren egoera; horrek erraztu egingo dizkio bai programazioa, bai piezen gauzatzea. CNC 8070 modeloak aukera ematen duenez hirugarrenen softwarea integratzeko, Danobatek Flex 3D softwarea ezarri du.  3Dn diseinatzeko programa horrek erabiltzaileari edozein eratako pieza programatzeko aukera ematea du helburu, flex 3Dk era askotan programatzeko aukera ematen baitu:  DSTV fitxategiak inportatuta, programazio denbora gutxituta eta makinaren produktibitatea optimizatuta, operazio ohikoenak egiteko aurrediseinatutako makroak exekutatuz –inolako diseinuren beharrik gabe–, edota mekanizatu beharreko piezak zerotik hasita diseinatuz. Osagai horien guztien konbinazioari esker, makina sendo eta erabilerraza garatu du enpresak, eraikuntza sektorearen eskaera berriei erantzuten diena. Hannoverren izandako EuroBLECH azokan , bisitariek bertatik bertara ikusi zituzten 3Dn plasma bidezko ebaketa unitatea eta Danobat T3CH zulagailu sendoa, ebaketa angularreko zerra batekin lerroan instalatuta.