Skip to main content
2022/02/11

Danobatgroupek bokazio zientifikoak eta teknologikoak bultzatzearen alde egiten du, etorkizuneko fabriken erronkei aurrea hartzeko

Danobatgroupek bokazio zientifikoak eta teknologikoak bultzatzearen alde egiten du, etorkizuneko fabriken erronkei aurrea hartzeko
  • Industria taldeak hainbat ekimenetan parte hartzen du STEM arloan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika, ingelesezko siglen arabera) bokazioak sortzea sustatzera bideratuta.
  • Makina-erreminten fabrikatzaileak Ada Byron eta Gladys sariak ere babesten ditu; emakumeek esparru zientifikoei eta teknologikoei egiten dieten ekarpena ikusaraztera zuzendutako sariak dira.

 

Ekoizpen inguruneak digitalizatzeko prozesuak eta fabrika adimentsuen erronkek profil profesional berriak eskatzen dituzte, STEM arloan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) diziplina askoko ezagutza zientifikoak eta teknologikoak uztartzen dituzten profil profesionalak, zehazki.

Danobatgroup industria taldeak bere zutabe estrategikoetako bat pertsonetan du, eta fabrikazio industriaren beharrei aurrea hartzearen alde egiten du, gazteen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatuz, emakumeei eta neskei arreta berezia eskainiz.

Hori lortzeko, STEM arloan bokazioak eta erreferenteak sortzea, emakumeek esparru zientifiko eta teknologikoetan egiten duten ekarpena ikusaraztea eta gazteentzako inspirazio izan daitezkeen erreferenteak sortzea jomuga duten hainbat proiektutan parte hartzen du.

Zehazki, makina-erreminten eta ekoizpen sistema aurreratuen fabrikatzaileak STEAMsare programan parte hartzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan STEM arloko hezkuntza bultzatzen duten eskolen, enpresen eta eragile zientifiko-teknologikoen sare bat dira. 

Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatu du Innobasqueren laguntzarekin, eta ikasleei lanbide zientifiko-teknologikoen irudi positiboa eta askotarikoa hurbiltzea du helburu, baita euskal industria sarean matematika edo teknologia bezalako ikasgaien ezagutzarekin lotutako lanbide aukeren begirada errealista egitea ere. Era berean, programaren asmoa da STEM arloko bokazioak inspiratzea, neska ikasleei arreta berezia jarriz. Danobatgroup sare horretako kide da 2020tik, enpresa elkartu gisa.

 

Sormena eta autonomia zientziara hurbiltzeko

2018tik, Taldea beste proiektu batean ere parte hartzen ari da bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko. Bizilabe da proiektu hori. Elhuyarrek sustatu eta 10 eta 19 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikerketa zentro bat da. Bertan, eskola programaren zurruntasunetik kanpo, teoriak eta esperimentuak garatzera animatzen dira parte hartzaileak, haien autonomia, sormena eta independentzia sustatuz, txiki-txikitatik zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa pizteko.

Ekimen hori udalerrika ezartzen da, eta Danobatgroupek ekimena Soraluzen eta Elgoibarren (Gipuzkoa) aktibatzen lagundu du, leku horietatik gertu ditu-eta bere ekoizpen instalazio nagusiak.

Era berean, taldeak proiektua diruz laguntzen du, eta proiekturako erreferente femeninoak ematea ere aurreikusita dago, teknologia arloan duten esperientziaren berri emateko eta mentoring jardueretan parte hartzeko taldeko emakume adituek eskoletara egingo dituzten bisitei esker, besteak beste.

 

Hezkuntza sektorearen eskutik

Makina-erreminten fabrikatzaileak ZTIM HUB ekimenean ere laguntzen du. Mondragon Goi Eskola Politeknikoa eta Huhezi buru dituen proiektua da, iaz hasi zen, eta lehen urratsak egiten ari da Debagoiena inguruan (Gipuzkoa) lehen pilotu batekin.

ZTIM HUB proiektuak STEM bokazioak sustatu nahi ditu enpresa sarearen eta hezkuntza sektorearen arteko lankidetzaren bidez, zientziarako, ingeniaritzarako, teknologiarako eta matematikarako espazioak sortzeko ikasleentzat eta irakasleentzat.

Hori lortzeko, ekimen honen antolatzaileek enpresetara eskola bisitak egitea eta konpainia horietako adituek ikastetxeetan hitzaldiak ematea programatzea aurreikusten dute, besteak beste.

Pandemiak eta distantzia sozialak markatutako garai honetan, ZTIM HUB proiektuak ikus-entzunezko materiala sortu du, arlo zientifiko-teknologikoko langile gazte eta emakume profesionalen testigantzekin. Langile horiek bat egiten dute beren lanbideak dakartzan erronkekin eta makina-erremintaren sektoreak Euskadiko garapen ekonomiko eta industrialerako duen garrantziarekin.

Proiektu horietan parte hartzeaz gain, Danobatgroupek gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren aldeko apustua egiten du, eta hainbat ekimen babesten ditu industria eremuan emakumeen presentzia ikusarazteko eta karrera teknologikoetan emakumezko erreferenteak emateko, hala nola Deustuko Unibertsitateak antolatutako Ada Byron sariak, edo Gladys sariak, ingurune digitalean lan egiten duten euskal emakumeei aitortza egiten dietenak.

 

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsonak baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.