Skip to main content
2024/12/04

Danobatgroupek talentu gaztearen sormena eta berrikuntza proban jarri ditu Hackathon batean

Danobatgroupek talentu gaztearen sormena eta berrikuntza proban jarri ditu Hackathon batean
  • Atzo, Tecnuneko Ingeniaritza Industrialeko masterreko ikasle batzuek talde industrialak antolatutako erronka batean parte hartu zuten, talde industrialaren partner teknologikoa den IDEKOren instalazioetan.
  • Talde irabazleak Frankfurtera bidaia bat jaso zuen sari gisa, eta han Danobat-Overbeck eta Bimatec Soraluce taldeko enpresen filialak bisitatzeko aukera izango dute.
  • Ekimena taldeak eta Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskolak esparru akademikoaren eta profesionalaren arteko lotura sendotzeko duten akordioaren barruan kokatzen da.

 

Esparru akademikoa errealitate profesionalarekin lotzeko hartuta duen konpromiso irmoaren barruan, Danobatgroup talde industrialak hackathon bat antolatu zuen atzo Tecnun Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Industrialeko Masterreko ikasleekin, sektoreko etorkizuneko profesionalen sormena, berrikuntza eta talde lana proban jartzeko.

Jardueran 53 ikaslek parte hartu zuten, 11 taldetan banatuta, eta jardueraren helburua zen taldearen partner teknologikoa den IDEKOren instalazioetan erronka tekniko bati modu autonomoan irtenbidea ematea. 

90 minutuz, taldeak lanean aritu ziren makina-erreminta baten errendimendua optimizatzeko haren diseinuan egin zitezkeen hobekuntzak planteatzeko. Erronkan, arazo praktikoen eta teknikoen analisi teknikoa eta konponketa konbinatu ziren, ikasle gazteei ikasgelan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko aukera eskainita, eta haien sormena proban jartzen zen aldi berean.  

Proposamen irabazlea Kimetz Burutaran, Ainoa Goñi, Iker Elizetxea, Alexander Pardo eta Daniel ikasleek osatutako taldeak aurkeztu zuen. Sari gisa, Frankfurtera bidaia bat egingo dute Danobat-Overbeck eta Bimatec Soraluce lantegiak bisitatzeko. Danobat eta Soraluce taldeko kooperatibek Alemanian dituzten filialak dira, hurrenez hurren. Frankfurten dauden bitartean, bi enpresen ingurune industriala xehetasunez ezagutzeko aukera izango dute eta herrialde horretan taldea osatzen duten tokiko pertsonen egunerokotasuna gertutik esperimentatu ahal zango dute.

Erronkari amaiera emateko, IDEKO zentro teknologikoak eta Danobat kooperatibak dituzten instalazioak bisitatu ziren. 

Formatu berritzailea 

Hackathon formatua sartzea berrikuntza izan da sari horien aurreko edizioekin alderatuta; sariak 2015etik talde industrialak eta Tecnunek esparru akademiko eta profesionalaren arteko loturak sendotzeko helburuarekin duten akordioaren barruan kokatzen dira. 

Erronka tradizionaletan ez bezala, horietan soilik irakasleek ebaluatzen baitute, oraingoan esperientzia dinamiko eta interaktiboago bat egitea erabaki da. Ikasleek askatasun osoa izan dute beren proposamenak garatzeko eta egokien iritzitako moduan aurkezteko, beraien sormena, autonomia eta talde lana sustatzeko aukera emanda.

Gainera, dinamika berri horren parte gisa, ikasleek aurkezpenak ere ebaluatu dituzte, irakasleek erabilitako kalitate irizpide berak aplikatuz. Horrela, azken ebaluazioa partekatua izan da, irakasleek zehaztutako puntuazioaren %50arekin eta ikasleek zehaztutako puntuazioaren beste %50arekin.


Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.400 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka, eta 337 milioi euroko fakturazioa. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.


Tecnuni buruz

Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritzako Goi Eskolak etorkizuneko ingeniariei prestakuntza profesionala, zientifikoa eta humanoa eskuratzen laguntzen die. 1961ean sortu zen, eta harrezkero irakaskuntzan, ikerketan eta gizarteari zerbitzua ematen dihardu modu orekatuan, jarduera horiek guztiak elkarren osagarri direla sustatuta.