Danobatgroupek talentuaren aldeko apustua indartuko du bost enplegu azokatan parte hartuz
-
Industria taldeak presentzia nabarmena izango du EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitateak antolatutako bost enplegu forotan datozen asteetan
-
Ekitaldi horietan parte hartuta, makina-erremintaren fabrikatzaileak talentuaren kudeaketa estrategikoarekiko konpromisoa bultzatzen jarraitu nahi du
Danobatgroup enpresa taldeak bere jardueraren ardatz estrategikotzat hartzen ditu pertsonak, eta, jarrera hori indartzen jarraitzeko, EHUk, Nafarroako Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako bost enplegu azoka eta forotan parte hartuko du datozen asteetan.
Zehazki, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen fabrikatzaileak otsailaren 16an parte hartuko du Enpresaren Egunean, 14:30etik 18:30era, EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan egingo den ekitaldian.
Topaketan, taldeak hitzaldiak emango ditu, erakundeak talentua estrategikoki kudeatzeko duen eredua parte hartzaileei ezagutarazteko, eta oso nazioartekotuta dagoen eta berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde irmoki egiten duen talde batean lan egitearen onurak helarazteko. Hitzorduak bertaratutakoen curriculumak jasotzeko eta haiekin lehen harreman bat ezartzeko ere balioko du.
Hurrengo egunean, otsailaren 17an, EHUk Bilboko San Mames estadioan antolatutako JEPE2022 Enplegu eta Enpresen Aurkezpen Jardunaldira joango da Danobatgroup.
Topaketa 9:30etik 14:00etara egingo da, eta Danobatgroupek bere standa izango du. Taldeko Kudeaketa Sozialeko departamentuko kideek ikuspuntuak trukatu ahal izango dituzte eskolako ikasle eta tituludunekin, eta haien curriculumak jaso eta elkarrizketak ere egin ahal izango dituzte industria taldeko enpresa ezberdinentzat; Danobat, Soraluce, Goimek eta Latz.
Otsailaren 22an, 23an eta 24an bi foro birtual egingo dira, eta Danobatgroupek ere parte hartuko du. Batetik, hilaren 22an eta 23an, taldeak presentzia nabarmena izango du Tecnunen foro birtualean, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan. Hilaren 23an eta 24an, berriz, Deustuko Unibertsitateko Enplegu eta Ekintzailetza Foro Birtuala egingo da, unibertsitate komunitatearen eta enpresa sarearen arteko loturak bultzatzeko.
Bilera horietan, Danobatgroupek hainbat gai partekatuko ditu: konpainiaren balio proposamena, teknologia digitalen ondorioz industria fabrikazioaren sektorea izaten ari den bilakaera, eta nolako profilak beharko dituen, etorkizuneko fabrika adimentsuen iraultzari aurre egiteko.
Azkenik, martxoaren 3an eta 4an, taldeak Tecnunek antolatutako beste enplegu ekitaldi batean parte hartuko du, baina oraingoan aurrez aurreko formatuan, ikasleei makina-erremintaren fabrikatzailearen errealitatea eta erronkak hurbiltzeko asmoz.
Topaketa horietan parte hartuta, taldeak giza kapitalarekiko konpromisoa eta talentuaren kudeaketa estrategikoa bultzatzen jarraitu nahi du.
“Fabrikazio industrialaren sektorean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira teknologia berriak sartu direnean. Ekoizpen inguruneen digitalizazioak dituen erronkei aurre egiteko gai diren profesional berriak behar dira. Guretzat, ikasketak amaitzen dituzten gazteekin harremanak bultzatzea urrats naturala da, eta pertsonekin dugun konpromisoaren barruan sartzen da. Gure enpresa eredua ezagutu dezaten nahi dugu, gure profesionalak estrategiaren erdigunean jartzen dituen eredua, eurak izan daitezen beren ibilbide propioaren gidariak”, amaitu du Iker Usabiaga Danobatgroupeko Kudeaketa Sozialeko zuzendariak.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsonak baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.