Arrakasta kasua: Doitasunezko mekanizazioa MetOP proiektu aeroespazialerako
-
Goimek, doitasunezko mekanizazioko espezialista eta Danobatgroupeko kidea, misioan parte hartzen ari da ezaugarri zorrotzeko materialez (titanioa eta herdoilgaitza) egindako geometria konplexuetako pieza ugarirekin
-
Mekanizazioa bera ez ezik hornidura kateko prozesuak, dokumentazio lanak eta aurremuntaketa baliozkotzea ere kudeatzeko gai da, eta gaitasun horretan datza bere arrakastaren sekretua.
Goimekek 30 urte baino gehiagoko esperientzia dauka sektore aeroespazialean. Ezagutza handia, misio espazialetarako piezen mekanizaziorako proiektu konplexu ugarik emandakoa batuta. Arrakasta kasu hau, zeina OHB Italia S.p.A. bezeroarentzat landu baitu, konpainiak erronka zorrotzenei erantzuteko duen gaitasunaren adibide bat besterik ez da.
MetOP misioak, gaur egun, bi satelite ditu, eta satelite horiek atmosferari, ozeanoari eta lurrari buruzko informazio zehatza eskaintzen dute. Informazio horrekin, meteorologiako aurreikuspen fidagarriak egin daitezke, 10 eguneko aurrerapenez ere. Erabateko mugarria arlo horretan. Hurrengo urteetan misioa zabaltzea aurreikusten da, orbitari beste sei satelite gehituz.
Doitasunezko mekanizazioak
OHB Italia S.p.A.-k eskatu zuen proiektua. Europan liderrak diren hiru konpainia aeroespazialetako bat da enpresa hori. Goimek mikrouhinezko erradiometro baten ispilua blokeatzeko piezak doitasunez mekanizatzeaz arduratu zen. Sistema hori, gaur egun, MetOP misiorako MWI Tresnaren parte da. Mekanismo horri esker, ispiluari lotuta egon daiteke satelitea jaurtitzen den bitartean, harik eta orbitan zabaltzen den arte. Une horretan, elementu horrek berak ispilua askatzen du, bere inguruan biraka ibil dadin, eta, horrela, satelitearen bizitza erabilgarri osoan dagokion seinalea transmititu dezan.
Oso erresistenteak diren materialak
Proiektuak espazioaren baldintzekiko oso erresistenteak diren materialak behar zituen.
- Titanioa: Proiektuan gehien erabiltzen den materiala da; egituraren zatirik handiena titanioz eginda dago. Titanioaren pisuaren, erresistentzia mekanikoaren eta erresistentzia termikoaren arteko harremana bikaina da eta hori izan da material hori hautatzeko arrazoia. Izan ere, ezaugarri horiengatik da espazioaren muturreko tenperaturei eusteko material ezin hobea. Gainera, titanioa doitasunezko piezen mekanizaziorako erabiltzea oso onuragarria da, batez ere sektore aeroespazialerako: erresistentzia mekaniko handia eskaintzen du nahiko pisu txikiarekin. Funtsezko faktorea da, kilogramo bat espaziora eramatea 60.000 $ inguru kostatzen baita.
- Herdoilgaitza: MWI Tresnerako egin ziren material herdoilgaitzezko piezak satelitearen ispilua blokeatu eta askatzen duen mekanismorako erabili ziren. Horrela, piezen marruskaduraren ondoriozko higadurari erresistentzia handiagoa ematea lortu zen.
Zerbitzu integrala
Proiektuaren konplexutasuna eta muturreko eskakizunak gorabehera, Goimekek segurtasunarekin egin zion aurre proiektuari, sektore aeroespazialerako dozenaka erronkari erantzun izanak segurtasun hori ematen zion eta. Doitasunezko mekanizazioko espezialista gisa eskuratutako ezagutza zabalari esker, zerbitzu integrala eskaini ahal izan zion lantaldeari.
Hornidura katea izan zen lehen urratsa. Material aeroespazialek ziurtagiri espezifikoak behar dituzte, bai eta horien pilaketa kudeatzea ere, eta prozesu horietan esperientzia eta ezagutza handia ditu Goimekek, egoera bakoitzera egokitzeko gaitasunaz gain.
Material gogorren mekanizazioa izan zen proiektuaren ardatz nagusia, nahiz eta gainerako prozesuek ere garrantzi berezia hartu zuten proiektuaren arrakastarako. Titanioak eta material herdoilgaitzak oso baldintza zorrotzak behar dituzte mekanizatzean, izan ere, beste zailtasun batzuen artean, materiala harrotzen duten erremintetan itsasteko joera dute. Gainera, mekanizazioa are konplexuagoa da oso lodiera txikia duten piezak badira, bibrazioak sortzen direlako. Hala ere, ingeniaritza taldeak kalitate taldearekin indarrak batu zituen pieza bakoitzerako fabrikazio prozesu espezifiko bat diseinatzeko. Prozesuak, halaber, egonkorra eta sendoa izan behar zuen mekanizazioaren geometria bermatzeko.
Trazabilitatea eta dokumentuen kudeaketa ere arrakasta kasu horren parte izan ziren. Izan ere, sektore aeroespazialak pieza dokumentatuak behar ditu:
- Materialen jatorria eta osaera materiala
- Tratamendu termikoen eta gainazaleko tratamenduen ziurtagiriak
- Neurketen erregistroa
- Kontrol txosten zehatzak
- Pieza bakoitzaren elaborazioaren txostena
Horrelako kasuetan, arrakasta prozesu horien guztien multzoan datza, zehaztasun eta profesionaltasun osoz gauzatutako prozesuak baitira, baina beste faktore batzuek, hala nola egokitzeko gaitasunak, funtsezko zeregina dute. Goimekek berezko duen ezaugarria da hori, eta kasu hau horren adierazgarri fidela da. Bezeroak mekanismoaren funtzionamendu egokia egiaztatu behar zuen bere instalazioetan jaso aurretik. Hori dela eta, taldeak bezeroarekin batera parte hartu zuen ekipoak baliozkotzen eta aurremuntatzen, eta zeregin horri esker diseinuan hobekuntza batzuk identifikatu ahal izan ziren.
Azpimarratu behar da lan hau eta sektore espazialeko bezeroekin aurretik egindako lanetako edozein ez zirela posible izango Goimekek duen EN9100 ziurtagiririk gabe. Ziurtagiri horrek kanpoko espaziora bidaliko diren piezen fabrikatzaile gisa baliozkotzen du.
Ezagutu gehiago elementu aeroespazialen doitasunezko mekanizazioari buruz, Egin klik hemen.
Goimeki buruz
Goimek doitasun handiko mekanizazioan eta mekanizazio handietan espezializatutako enpresa da, eta soluzio integralak eta espezializatuak eskaintzen dizkie hainbat sektoretako bezeroei, hala nola sektore aeroespazialekoei, makina-erreminten sektorekoei, energia sorkuntzaren sektorekoei eta ekipo ondasunen sektorekoei. Konpainia Danobatgroup enpresa taldeko kide da, eta pieza mekanizatuen hornidura katearen behar guztiak barne hartzen ditu, tartean direla lehengaia erostea eta pieza mekanizatuak egiaztatzea eta ziurtatzea ere bai.
Danobatgroupi buruz
Fabrikazio industrialaren arloan 65 urteko ibilbidea du Danobatgroupek, eta kualifikazio handiko 1.300 pertsonak baino gehiagok osatzen dute bere plantilla. Taldea erreferentziazko agentea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.