Danobatek eta Soralucek fabrikazio industrialerako azken belaunaldiko soluzioak aurkeztuko dituzte EMO azokan
-
Konpainia biek, biak ere Danobatgroup talde industrialeko kideak, presentzia nabarmena izango dute Hannoverren irailaren 16tik 21era egingo den azokan.
-
“Togeher beyond challenges” esloganarekin, Danobat fabrikatzaileak balio teknologiko handiko garapenak erakutsiko ditu doitasunaren eta digitalizazioaren arloan.
-
Soralucek, berriz, dimentsio handiko makina portikoen fabrikazioan dituen gaitasunak, funtzio anitzeko soluzioak eta maila handieneko mekanizazioko ingeniaritza zerbitzuak partekatuko ditu.
Danobatek eta Soralucek, ekoizpen aurreratuko sistemen eta makina-erreminten euskal fabrikatzaileek, biak ere Danobatgroupeko kideak, industriaren erronkei erantzuna emateko azken belaunaldiko soluzioak aurkeztuko dituzte EMO azokan, Hannoverren, irailaren 16tik 21era.
“Together beyond challenges” leloarekin, Danobatek azken belaunaldiko eta balio teknologiko handiko zortzi makina aurkeztuko ditu azokan. Horietatik hiru erabat automatizatuak dira, eta doitasun handiko artezketa eta torneaketa prozesuak gauzatzeko sortuak. Konpainiak bere zerbitzu aurreratuen eskaintza aurkeztuko du eta baita teknologia digitalen baterakuntza ere.
Elgoibarko enpresak 700 metro karratuko (D-45 stand-a, 11. hall-a) erakusketa gunea izango du eta bertan guztiz automatizatutako sistema aurkeztuko du, automozio motorrentzako injektorearen itxiera arteztekoa, eta LG-1000 modeloko kanpoaldeak artezteko makina, portikoduna.
ESTARTA-650 zentrorik gabeko artezteko makina eta HG-72 artezteko makina ere erakutsiko ditu. Azken hori, Siemens fabrikatzailearen motor elektrikoentzako 1500 mm-ko luzera duten piezak fabrikatzeko birdiseinatu da.
Era berean, Danobatek VG-800 artezteko makina bertikala ere erakutsiko du bere gunean. Makina horrek kanpoaldeen eta barrualdeen artezketa eragiketak eta neurketa konbinatzen ditu. Gainera, material gogorren torneaketarako doitasun handiko tornu bat ere erakutsiko du, lantzen dituzten pieza motak sarri aldatzen dituzten fabrikatzaileentzako.
Fabrikatzaileak Alemaniako Danobat-Overbeck bere filialak garatutako IRD-400 eta ILD-400 artezteko makinak ere erakutsiko ditu.
Soluzio horiez gain, guztiak ere sektore industrialaren lehiakortasuna handitzeko sortuak eta bezeroen mekanizazio beharretara guztiz egokituak, Danobatek zerbitzu aurreratuen eskaintza eta digitalizazio industrialeko baterakuntza ere eskainiko ditu, “MyDanobat” plataformaren bitartez, makinen inguruko kontrol eta ezagutza handiagoa izateko sortutako atari berriaren bitartez, alegia.
“Erreminta eta teknologia digitalak garatzeko dugun gaitasunarekin sortu ahal izango dugu gure bezeroen lehiakortasuna handitzen uzten duen zerbitzu eskaintza bat, etorkizuneko industriaren erronkei erantzuna emateko”, esan du Danobateko zuzendari nagusi Xabier Alzagak.
Bezeroari bideratutako eskaintza
Aldi berean, Soralucek azoka baliatuko du mekanizazio arloan duen soluzio multzoa erakusteko eta baita bere zerbitzu eskaintza ere. Horretarako, 860 metro karratuko erakusketa gunea erabiliko du, hots, fresatzeko makinen pabiloiko erdigunean dagoen azalerarik handiena (B38 stand-a, 13. pabiloia).
Enpresaren ezaugarriak dira berrikuntza eta puntako teknologien garapena, eta horren erakusgarri hiru makina eta zazpi teknologia aurkeztuko ditu. Gainera, zuzeneko 8 erakustaldi ere eskainiko ditu #MadeForYOU, kontzeptu berriaren baitan. Proposamen horren barruan doaz fresatzeko makinak, dimentsio handietako makina portikoak, funtzio anitzeko soluzioak, línea automatizatuak eta zerbitzu aurreratuak.
“#MadeForYOU kontzeptuaren emaitza merkatuko produktu eta zerbitzu sorta osatuena eta aurreratuena da. Eskaintza horren erdigunean adimendun makinaren kontzeptua dago eta, horrekin, Soralucek erakutsi du gai dela mekanizatuan sortzen diren arazoei erantzuna emateko. Gainera, merkatuko estandarren gainetik dauden doitasun geometrikoko emaitzak eskaintzen ditu. Mekanizazioko ingeniaritza zerbitzuak ere eskaintzen ditu, espezialista talde batek gauzatutakoak, gure bezeroen produktibitatea, eraginkortasuna eta errentagarritasuna handitzeko soluzioekin”, baieztatu du Soraluceko zuzendari nagusi Rafael Idigorasek.
Bergarako enpresak EMOra Soraluce TR-M funtzio anitzeko zentroa berria eramango du, makina berean fresa, tornu eta artezketa eragiketak biltzen dituena. Fabrikatzaileak Soraluce FP 8000 zutabe mugikorreko fresatzeko-mandrinatzeko makina ere erakutsiko du. Makina horrek 5 ardatzetan mekanizatzeko bi ardatz jarraikorreko buru berria darama. Gainera, Soraluce PGM 14000 fresatzeko portiko gantry makina ere eskainiko du, dimentsio handietako osagaientzako doitasun handia eta produktibitatea eskaintzen dituen soluzioa.
Soraluce PGM 14000 fresatzeko portiko gantry makina
Halaber, konpainiak DAS+® eta DWS patentatutako sistemak ere eskainiko ditu EMO azokan. Horiek mekanizatuan sortzen den chatterra ezabatzera zuzenduta daude. Moteltzeko soluzio adimendunak dira, txirbil harroketa maximizatzen dutenak.
VSET sistema ere aurkeztuko da. Teknologia horrek %70eko denbora aurreratzea ahalbidetzen du piezen lerrokatzean.
Hannoverreko azoka gunean EMO azokara 2.200 erakusle baino gehiago bilduko direla aurreikusten da, 180.000 metro karratuko azaleran.
Danobati buruz
Makina-erreminta eta ekoizpen sistema aurreratuak garatzen ditu goi teknologiako sektoreentzako eta goi mailako baldintza teknikoak eskatzen dituzten bezeroentzako aplikazioetarako.
Enpresa indartsu nazioartekotuta dago, eta ekoizpen plantak ditu Espainian, Erresuma Batuan eta Alemanian, bai eta bikaintasun zentroak ere, herrialde horietan zein Italian, AEBn eta Txinan.
Danobat Danobatgroupeko kidea da, zeinak 1.300 pertsonari enplegua ematen dien eta bere fakturazioaren %8 I+G+B proiektuetan inbertitzen duen.
Soraluceri buruz
Fresatzeko, mandrinatzeko eta torneatzeko teknologian mundu mailako liderra izanik, Soralucek ekarpen berritzaileak eta aitzindariak egin dizkie fabrikazio prozesuei, eta horiek, orain dela 55 urte sortu zenetik, sektoreko estandar bihurtu dira.
Soralucek mundu osoan 3.000 makina baino gehiago saldu ditu, horietako ia erdiak Alemaniako merkatu zorrotzean. Kooperatiba Danobatgroupeko kide da, Mondragon Korporazioko makina-erreminta dibisiokoa, Europako enpresa talde garrantzitsuenetakoa, alegia.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.