Skip to main content
2019/09/16

Danobatek Hembrug holandarra erosi du merkatu berrietan posizioa indartzeko

Danobatek Hembrug holandarra erosi du merkatu berrietan posizioa indartzeko
  • Gaur, Hannoverren (Alemania) egiten ari den EMO azokaren baitan, euskal fabrikatzaileak eta enpresa holandarrak, gogorrean doitasunez torneatze lanetan liderra denak, erosketa akordioa egin dutela iragarri dute.
  • Konpainia bien baturak, non doitasunezko fabrikaziorako soluzioen garapenean duten ‘expertisea’ konbinatzen baita, puntako eskaintza egiten dio merkatuari, Makina-erreminten sektorean duen posizionamendua indartzeko.
  • Operazioa aurrera pauso bat da Danobatgroupek, fabrikatzaile gipuzkoarraren industria taldeak, dibertsifikazio sektorial eta teknologikorako zein nazioarteratzeko duen estrategiaren barruan.


Hannover, 2019ko irailaren 16a. Makina-erreminten eta ekoizpeneko sistema aurreratuen fabrikatzailea den Danobatek iragarri duenez, Hembrug Machine Tools enpresa holandarra erosi du, gogorrean doitasunez torneatze lanetan liderra dena. Gaur arratsaldean eman da erosketa akordioaren berri. Hannoverren (Alemanian) izan da, EMO azokan, Europan egiten den makina-erreminten azoka nagusian. Enpresa bien ahalmenen baturak zeregin garrantzitsua izango du sektorean. Izan ere, enpresa biek esperientzia zabala dute eta espezializatuta daude doitasunezko piezen fabrikaziorako puntako soluzioen garapenean.

Danobatek artezketan duen expertisea eta Hembrugek gogorrean doitasunez torneatze lanetan duena batzea dakar erosketak; hau da, bi teknologia osagarri bi konbinatuko dira merkatuari egiten zaion eskaintza aberasteko, bezero bakoitzaren premietara egokitutako soluzioekin. Hembrug erreferentziako marka da Europan. 1670ean eratu zen, 1870az geroztik tornuak fabrikatzen ditu eta 1969an garatu zuen bere lehen makina teknologia hidrostatiko propioarekin. Gaur egun, 14 milioi euro baino gehiago fakturatzen du urtean eta 60 lagun baino gehiagori ematen dio lana, oso sektore dibertsifikatuetan presente egonda, automobilgintzatik hasi eta optikara arte, eta pisu handia edukita Erdialdeko Europan eta Asiako herrialdeetan.

Kredentzial horiek Danobaten proposamenera batzen dira orain; izan ere, urtean 130 milioi euro fakturatuta eta sendo nazioarteratuta, Alemanian, Espainian eta Erresuma Batuan ditu ekoizpen lantegi eta bikaintasun zentroak bai eta Italian, AEBn eta Txinan ere.

Hembrugen erosketak egun dituen doitasunezko soluzioen gaman prestigioko marka bat sartzea ekarriko dio Danobati, eta Alemanian duen filialaren markari, Danobat-Overbeck markari, batuko zaio. Operazioa, gainera, aurrera pauso bat da Danobatgroupek dibertsifikazio sektorial eta teknologikorako eta nazioarteratzeko duen estrategiaren barruan.

Trukean, operazioarekin Hembrugek artezketa prozesuak sartu ahal izango ditu bere balio proposamenean, bere teknologiaren garapena bultzatzeko eta soluzioen katalogo are osatuagoa eskaintzeko. Era berean, Danobaten salmenta eta zerbitzu plataforman sartuko da, bai eta maila globaleko bikaintasun zentroen sare batean ere, eta Holandan duen probetako zentroa erantsiko du.

 

Aurrera pausoa

Aliantza berri hori eszenaratzeko, Danobatek Hembrugen makinarik adierazgarrienetako bat erakutsiko du gaurtik aurrera EMO azokan duen standean. Mikroturn 100LS makina da, eta enpresa holandarrak gogorrean doitasunez torneatzeko lanetarako eskaintzen duen punta-puntako teknologiaren adibide bat da. Ekipamendu hori Danobatek azokan erakutsiko duen azken belaunaldiko eta balio teknologiko handiko zazpi makinei batzen zaie.

Akordioa oso positiboki baloratu du Danobateko CEO Xabier Alzagak, zeinak “Hembrug moduko prestigio handiko marka bat sartzeak" duen garrantzia azpimarratu baitu. Berritzaileak gara, eta balio erantsi handikoak diren soluzio teknologikoak sortzen espezialistak. Gure xedea da gure bezeroen eskakizunetara egokitutako erantzuna ematea. Horretarako, gure abiapuntua da industria fabrikazioan aplikatzen diren teknologiak sakonki ezagutzea. Hemendik aurrera, gogorrean doitasunez torneatzeko lehen mailako punta-puntako soluzioekin handituko dugu gure katalogoa, artezketarako, torneaketarako eta neurketarako egun dugun gama osatuta.”

Hembrugeko CEO Robert Nefkensek, konpainiaren buru izaten jarraituko duenak, azpimarratu ditu “Danobatena moduko plataforma global batean sartzeak” dakarren aurrerapena, bai eta “artezketaren eta gogorrean doitasunez torneatzearen teknologia osagarriak batzeak” lehiarako dakarren abantaila ere.

Konpainia bien arduradun gorenek akordioa eszenaratu dute gaur arratsaldean Hannoverreko EMO azokan, zeina irailaren 16tik 21era bitartean egingo baita 180.000 metro karratuko azaleran eta 2.200 erakusketari baino gehiagorekin.

 

DANOBATi buruz

DANOBAT makina-erreminten eta ekoizpen sistemen euskal fabrikatzailea espezializatuta dago fabrikazio industrialerako soluzio teknologiko aurreratuak eta bezeroen premietara erabat egokitutakoak eskaintzen. Enpresak aeronautikako, automobilgintzako edo trengintzako sektoreetan liderrak diren enpresekin eta enpresentzat egiten du lan, banakako makinak zein giltza eskura erako lerroak eskainiz. Danobatgroupeko kide da, 1.300 laguni enplegua ematen die eta Mondragon Korporazioan dagoen industria talde bateko kide ere bada.

 

Hembrugi buruz

Hembrug Machine Toolsek gogorrean doitasun handiz torneatzeko makinak eta artezteko ahalmenak dituzten makina hibridoak diseinatu, eraiki eta saltzen ditu. Konpainiak Haarlemen (Holanda) du egoitza, 1670ean eratu zen eta teknologia propioa duten doitasunezko tornuak fabrikatzen ditu 1969az geroztik.