Danobatgroupek eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak fabrikazio aurreratuan profesionalak prestatzeko elkarlanean dihardute
-
Industria taldeak eta EHUko zentroak Makina-erremintaren Doitasun Gela sortu dute, makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan talentua prestatzen eta kudeatzen laguntzeko
-
Danobatgroupek eta EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak lankidetza akordioa sinatu dute gaur goizean, Donostian, eskolak dituen instalazioetan
-
Hitzarmena gaur ofizialdu den arren, ekimenaren dinamikak duela urtebetetik daude erabilgarri Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ingeniaritza Mekaniko + Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko gradu bikoitzeko ikasleentzat
Makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira teknologia berriak sartzearen ondorioz. Ekoizpen prozesu eta inguruneen digitalizazioak dakartzan erronkei aurre egiteko gai diren profesional berriak behar dira.
Danobatgroupek, makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako industria taldeak, eta EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak (GIE) ahaleginak batu dituzte sektoreko etorkizuneko profesionalen prestakuntzarako, EHU-Danobatgroup Makina-erremintaren Doitasun Gela sortuta. Bi erakundeek antolatutako prestakuntza gela hori GIEko Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko, Ingeniaritza Mekanikoko eta Ingeniaritza Mekaniko + Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko gradu bikoitzeko ikasleentzat da, egunetik egunera adimendunagoa eta konektatuagoa den industria batean eskari handia duen profilarekin.
Gelak martxan urtebete daraman arren, bi erakundeen arteko lankidetza gaur goizean ofizialdu da GIEk Donostian dituen instalazioetan, Unibertsitatea-Enpresa lankidetza esparru bat sinatuz.
Akordioak lau urteko indarraldia izango du gaurtik aurrera, eta EHUko ordezkariek sinatu dute; zehazki, Xabier Ostolaza Eskolako zuzendariak; Mikel Iturrate EHU-Danobatgroup Makina-Erremintaren Doitasun Gelako zuzendariak, eta Iker Laskurain GIEko Kanpo Harremanetako zuzendariordeak; eta, industria taldearen aldetik, Danobatgroupeko Kudeaketa Sozialeko zuzendari Iker Usabiagak.
Lankidetza hitzarmena Danobatgroupek inguruko gazteen talentuaren prestakuntzaren eta kudeaketaren alde egiten duen apustu estrategikoaren parte da. Danobatgroupeko Kudeaketa Sozialeko zuzendariak azaldu duenez, “Euskadiko erreferentziazko unibertsitate batekin harreman sendoa izateak balio digu mundu akademikoaren eta gure taldearen negozioen artean ezagutza, trukea eta talentuaren transferentzia sustatzeko”.
Prestakuntza teoriko-praktikoa
Aliantza horren barruan, bi aldeek konpromisoa hartu dute graduko prestakuntzaren arloan lankidetzan aritzeko, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreak eskatzen dituen premia berezietara egokitutako talentua sortzeko. Aldi berean, ikasleen enplegagarritasuna hobetzen saiatuko dira, mekanismo dualak sustatuz, praktiken eta gradu bukaerako lanen bidez. Horrez gain, bi aldeak makina-erremintaren arloari buruzko saio eta jardunaldi teknikoak antolatzeaz arduratuko dira. Jarduera horiek aukera bikaina izango dira ikasleentzat sektorearen erronkak eta aukerak bertatik bertara ezagutzeko.
Ikasleen prestakuntza teoriko-praktikoa osatzeko, sektorearen joerei buruzko azterketa, analisi eta ikerketa lan akademikoak egingo dira, GIEko irakasle eta ikasleen eta industria taldeko kooperatibetako profesionalen partaidetzarekin. Gainera, ikasleek makina-erremintako soluzio teknologiko aurreratuenak ere ikasi ahal izango dituzte, industria taldeko negozioetara bisita teknikoak eginez.
“Danobatgroupekin lankidetzan arituz, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren arloko profesional bihurtzeko era guztietako erraztasunak eskaini nahi dizkiegu gure ikasleei, baita inguruko gazteen artean STEAM ikasketak ikusarazi eta sustatu ere”, adierazi du Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kanpo Harremanetako zuzendariorde Iker Laskurainek.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko plantilla bat dauka, 1.400 pertsona baino gehiagok osatuta. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.