Skip to main content
2022/07/27

Danobatgroupek makina-erremintan modu iraunkorrean kudeatzearen alde egiten du

Danobatgroupek makina-erremintan modu iraunkorrean kudeatzearen alde egiten du

Danobatgroupek, makina-erremintan erreferenteak, bere kudeaketa eredu iraunkorrean aurrera egiten jarraitzen du, bere iraunkortasun memoriatik ondorioztatzen den bezala. Memoria joan den hilean aurkeztu zuen taldeak, Makina Erremintaren Bienalean, eta bertan jasotzen dira Taldeak bere eragin eremuaren barruan garapen iraunkorra lortzeko egin dituen ekintza guztiak. 

Zentzu horretan, GIHak erreferentzia esparru bat dira Danobatgroupentzat une honetan, pertsonentzat bidezkoagoa eta planetarentzat iraunkorragoa izango den etorkizun baten alde lanean jarraitzeko. “Gure erakundearen barruan integratuz, hazkunde iraunkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, ez bakarrik beste enpresa sendo bat gisa, baita gizarte osoarentzako garapen eredu hobe gisa ere”, azaldu du Pello Rodriguezek, Danobatgroupeko zuzendari nagusiak.

Planeta zaintzen

Danobatgroupek gizartearekin duen konpromisoa ingurumena zaintzera eta klima aldaketaren aurka borrokatzera ere hedatzen da. Horri dagokionez, taldeak eguratsera berotegi efektuko gas (BEG) gutxiago igortzeko  hainbat ekintza garatzen ditu, bere kooperatiben barruan energia iturri berriztagarrien erabilera sustatzen du eta I+G+B baliabideak eskaintzen ditu energiaren eta baliabide naturalen kontsumoa murrizten lagunduko duten prozesuak, produktuak eta zerbitzuak garatzeko.

Zehazki, Danobatgroupeko enpresek inbertsioak egiten dituzte beren azpiegiturak eta instalazioak modernizatzeko, eta irizpide energetikoak eta ingurumena errespetuz tratatzekoak sartzen dituzte produktuen diseinuan eta garapenean, bizitza ziklo osoan ingurumenari gutxiago eragiteko. Era berean, hainbat teknologia digital eta adimen artifiziala ere sartzen dituzte, fabrikazio sistemen eraginkortasuna hobetzea lortzeko, besteak beste.

Taldeko enpresak Ingurumena eta energia kudeatzeko sistema batean oinarritzen dira, eta etengabeko hobekuntza da sistema horren funtsa. Sistema horren sendotasuna agerikoa da ISO 14001 nazioarteko arauan oinarrituta egiaztatuta baitago, eta, sistema horren osagarri gisa, Danobatek ISO 50001 Arauaren arabera egiaztatutako energia kudeatzeko sistema bat dauka, eta Soralucek ISO 14006 Arauaren araberako Ekodiseinua Kudeatzeko Sistema bat. Soraluce, gainera, 2010ean lortu zuen ziurtagiri hori eta makina-erremintaren sektorean ziurtagiri hori lortu duen lehen enpresa da.

Ingurumen arloko konpromisoak lortzeko, Danobagroupek komunitatearekin ere lan egiten du. Ildo horretan, nabarmentzekoa da EKIAN proiektuan inbertitzaile gisa duen partaidetza. EKIAN Euskadiko eguzki energia parkerik handiena da, Energiaren Euskal Erakundeak eta KREANek (MONDRAGON Korporazioa) sustatuta.

Pertsonak erdigunean

Danobatgroup 1.400 profesionalez osatuta dago, eta pertsonak ditu bere jardueraren ardatz nagusi. Ez bakarrik enplegu egonkorrak eta kalitatekoak sortzea lortzeko, baita erakundeko kide diren pertsona guztien garapen pertsonal eta profesionalerako ingurune ezin hobea sortzeko ere, aniztasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren parametroen pean.

Taldeak talentuaren kudeaketa estrategikoaren alde egiten du eta hori prestakuntzarako eta garapen profesionalerako egiten dituen etengabeko programetan zehazten da, bai eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetzetan ere. Lankidetza horien ondorio dira hainbat erakunde akademikorekin, hala nola UPV/EHUrekin, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Eskolarekin (Tecnun), Mondragon Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Makina-erremintaren Institutuarekin, egiten diren akordioak. Urtero, 80 pertsona inguruk egiten dute egonaldiren bat Danobatgroupen, formatu dual desberdinetan (praktikak, proiektuak, txandakatzeak).  Muntatzaileen Lantegi Eskola nabarmentzen da bereziki. Makina-erremintaren Institutuarekin lankidetzan garatutako proiektua da, txandakatze erregimeneko lanbide prestakuntza duala eskaintzen du, eta Euskadin lanbide heziketa dualeko eskaintzen duten lehenengoetakoa da.

Emakumeek zientzia, teknologia eta ikerkuntzako karreretan sartzeko aukera izatea bultzatzea funtsezkoa da industria sektorearen iraunkortasunerako. Horregatik, Danobatgroupek STEMen bokazioak eta erreferenteak sortzea sustatzen duten hainbat proiektutan parte hartzen du, hala nola STEAMsare, Bizilabe, ZTIM HUB eta FIRST LEGO League proiektuetan, eta, gainera, emakumeek arlo zientifiko eta teknologikoetan egiten duten ekarpena ikusarazten du, Ada Byron eta Gladys sarien babesle izanda.

Danobatgroupek pertsonekin duen konpromisoa gizarte osora iristen da, eraldaketa sozialeko 100 ekimen baino gehiagori lagunduz. Horien artean, Elkarrekin Eragin lankidetza proiektua nabarmentzen da. 2018an abiarazi zen, taldearen konpromiso soziala handitzeko eta langileen parte hartzearen bidez lankidetza proiektuen garapenean laguntzeko, eta hainbat erakunderekin lankidetzan aritu da, hala nola Bizipoza, Walk on Project (WOP) edo Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartearekin. Zehazki, eta eraldaketa sozialarekin duen konpromisoaren barruan, Danobatgroupek 600.000 euro bideratu ditu proiektuaren bigarren edizio honetara, 2021-2022-2023 urteetarako.

Nazio Batuen 2030 Agendaren helburuak batzen dituen bide orri honen bidez, Danobatgroupek gizarte osoari balio soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa emateko apustua indartu nahi du. Jarduera industrialaren kudeaketa iraunkorraren bidez guztiontzako etorkizun iraunkorragoa lortzea da egungo aldi estrategikorako ezarritako helburuetako bat. Hori lortzeko, eta sortu zenetik egiten aritu den bezala, taldeak arreta berezia eskaintzen dio gobernu kooperatiboa indartzeari eta pertsonen bizi kalitatea hobetuko duen eta modu integralean garatzeko aukera emango dien lan ingurunea eraikitzeari, une oro enpresa, erakunde eta eragile sozialekin lankidetzan arituz, gizarteari balioa ematen dioten aliantzak bultzatzeko.

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko plantilla bat dauka, 1.400 pertsona baino gehiagok osatuta. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.

Danobatgroupen iraunkortasunari buruzko lehen memoriak talde industrialaren aurrerabidea eta eremu horretan epe luzera duen ikuspegia laburbiltzen ditu, NBEren Garapen Iraunkorrerako Helburuekin eta GRI estandarrekin lerrokatutako ikuspegi batetik. Memoria horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren sustapena eta finantzaketa izan du.