Skip to main content
2022/05/30

Danobatgroupek talentuaren aldeko apustua indartuko du WORKInn Talent Hub enplegu industrialaren azokan egonda

Danobatgroupek talentuaren aldeko apustua indartuko du WORKInn Talent Hub enplegu industrialaren azokan egonda

Fabrikazio industrialaren sektorea garrantzi handiko aldaketak jasaten ari da, teknologia berriak sartu direlako. Produkzio inguruneetan digitalizazioak dituen erronkei aurre egiteko gai izango diren profil profesional berriak behar dira.

Agertoki honetan, Danobatgroupek, pertsonak bere jardueraren ardatz estrategikoetako bat bezala kokatzen dituenak, presentzia nabarmena izango du WORKinn Talent Hub enplegu azokan, industria arloko talentu gune integrala, ekainaren 13tik 17ra ospatuko dena Biurtekoaren esparruan Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centre BEC! Erakustazokan.

Zehazki, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen fabrikatzaileak ekainak 15 eta 16 bitartean gune bat izango du honako hauek ezagutzera emateko: konpainiaren balio proposamena, fabrikazio industrialaren sektorea teknologia digitalekin izaten ari den bilakaera eta etorkizuneko lantegi adimendunen iraultzari aurre egiteko behar dituen profil motak. 

Era berean, topaketan zehar, industria taldeak aukera izango du bertaratzen den publikoa erakundearen talentuaren kudeaketa estrategikoaren eredura hurbiltzeko eta nazioartekotasun handia duen, garapen pertsonala bultzatzearen aldeko apustua egiten duen eta garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko bokazio argia duen talde batean lan egitearen abantailak ezagutarazteko. Hitzordua baliagarria izango da, halaber, Danobatgroupen interesa izan dezaketen pertsonen eta taldeko kooperatiben arteko lehen harremana ezartzeko, CVak entregatzeko, elkarrizketa sakonak egiteko eta taldearen instalazioetara bisitak antolatzeko.

Gainera, azokaren aurretik taldeak gaur egun eskaintzen dituen garapen profesionalerako aukerak ezagutu nahi dituenak bere web orria bisitatu dezake.

Danobatgroupentzat ikasketak amaitzen dituzten gazteekin harremanak sustatzea urrats naturala da, pertsonen eta talentuaren aldeko konpromisoaren barruan sartzen dena. Konpromiso hori oraindik amaitu ez dutenengana ere zabaltzen da, formatu dualen bidez lan merkatuan sartzea erraztuz. Iker Usabiaga Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendariak azaldu duenez, “Gazteek gure enpresa eredua gertutik ezagutzea nahi dugu. Eredu horrek pertsonak estrategiaren erdigunean jartzen ditu, etengabeko ikaskuntza bezalako neurrien bidez, eta, gainera, erraztu egiten du gazteak eurak izan daitezen euren karrera propioa gidatuko dutenak”.

Industrian berdintasuna izatearen aldeko konpromisoa

WORKINN Talent Hub, zeinak bosgarren edizioa betetzen duen, talentuaren benetako espazio integral bihurtu da. Aurten, enpleguaren, prestakuntzaren, etorkizuneko gaitasunen edo garapen profesionalaren sustapenaz gain, emakumea esparru industrialean integratzea izango da azokaren esparruan egiten diren jarduera guztien hari gidarietako bat.

Horri dagokionez, Danobatgroupek babes irmoa ematen dio industria arloan genero berdintasuna izateari eta emakumeak karrera zientifiko, teknologiko eta ikertzaileetara sar daitezen sustatzea bilatzen du. Gai hori funtsezkoa da, taldeko Gestio Sozialeko zuzendariak zehaztu duenez, ”industria sarearen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko”.

Ildo horretan, makina-erremintaren fabrikatzaileak dagoeneko egin ditu taldeko kooperatiben ia berdintasun plan guztiak, eta STEAM eremuan emakumeen bokazioak sustatzearekin lotutako hainbat ekimenetan laguntzen du, hala nola Ada Byron sarien babesletzan edo Gladys Sarian, zeinak emakume profesionalek ingurune digitalean egiten duten lana aintzatesten baitu. Bigarren edizioa maiatzean hasi zen.

Danobatgroupi buruz

Industria fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek 1.300 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla dauka, guztiak ere trebakuntza handikoak. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.