Skip to main content
2017/02/10

DANOBATGROUPek TECNUNeko lanik hoberena saritu du, unibertsitatea eta enpresa elkarrengana hurbiltzeko asmoarekin

DANOBATGROUPek TECNUNeko lanik hoberena saritu du, unibertsitatea eta enpresa elkarrengana hurbiltzeko asmoarekin

Ikasketen alorraren eta enpresa munduaren arteko harremanak estutzeko asmoarekin, DANOBATGROUP makina-erreminten fabrikatzaileak TECNUNen –Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritzako Goi Eskola– Industria Ingeniaritzako Masterra egiten ari diren ikasleek garatu duten proiektu industrialik hoberena saritu du.

2015eko abenduan, DANOBATGROUP ek eta TECNUNek lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuten, ikasleei mundu profesionalean sartzen laguntzeko eta ikasgelan eskuratutako ezagutzak garatu eta benetako fabrikazio inguruneetan aplikatzeko aukera emateko. Lankidetza hitzarmen horren barruan sartzen da saria.

Ildo horretan, TECNUNeko ikasleei aukera eman zaie proiektu teknologiko bat lantzeko, estatuan liderra den makina-erreminten fabrikatzaile DANOBATGROUPen instalazioetan, eta IK4-IDEKO ikerketa zentroan, non produktu eta teknologiarik aurreratuenekin eta berritzaileenekin kontaktuan egon ahal izan baitira.

Esperientziari esker, benetako industri ingurunea ezagutu ahal izan dute bertatik bertara, sektorean garapen profesional sendoa eskuratzeko ateak ireki baitzaizkie.

Ikasketetan egindako bidean, ikasleek DANOBATGROUP eko eta IK4-IDEKOko profesionalen laguntza eduki dute. Haiengandik prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskuratu dute, fabrikazio sistema automatizatuen, robotika industrialaren edo doitasunezko diseinu edo ingeniaritzaren gainean.

Ikasleek enpresak planteatu dien arazo bati aurre egin behar izan diote eta irtenbide bat proposatu arazo horretarako, epaimahai baten aurrean defendatzeko. Epaimahaia beren ikastetxeko irakasleek, DANOBATGROUPeko profesionalek eta industri talde gipuzkoarrean berrikuntza eragiten duen  IK4-IDEKO ikerketa zentro teknologikoko ikertzaileek osatuta zegoen.

Sari horiek –edizio honetan 64 lagunek parte hartu dute– Masterreko ikasleen bikaintasunezko prestakuntza indartzea dute helburu.

Egitasmoari esker, etorkizuneko ingeniariak konturatu daitezke zer garrantzitsua den prestakuntza ona eskuratzea makina-erreminten etorkizuneko erronkei arrakastaz erantzuteko, ikasleengan, besteak beste, talde lana, sormena eta analisirako ahalmena sustatzeko gaitasunak eskuratzen laguntzeko.

DANOBATGROUPi buruz

DANOBATGROUP makina-erreminten fabrikazioan liderra da Euskadin, eta industriako fabrikaziorako soluzio teknologikoki aurreratuak eta punta-puntako zerbitzuak garatzen ditu. Taldeak 60 urteko esperientzia du doitasun handiko ekipoak garatzen eta industri prozesuri zorrotzenetarako teknologiak ikertzen eta aplikatzen.

TECNUNi buruz

TECNUN-Donostiako Ingeniaritzako Goi Eskola Nafarroako Unibertsitatearen menpe dago, eta etorkizuneko ingeniariei prestakuntza profesionala, zientifikoa eta pertsonala eskuratzen laguntzen die. 1961ean sortu zen, eta harrezkero irakaskuntzan, ikerketan eta gizarteari zerbitzua ematen dihardu modu orekatuan, jarduera horiek guztiak elkarren osagarri izanda.

 

DANOBATGROUPek TECNUNeko lanik hoberena saritu du, unibertsitatea eta enpresa elkarrengana hurbiltzeko asmoarekin