Skip to main content
2016/05/09

Lymington Precision Engineersen ahalmena handituta, DANOBATen lan astunetarako artezteko makinarekin

Lymington Precision Engineersen ahalmena handituta, DANOBATen lan astunetarako artezteko makinarekin

Lymington Precision Engineersek, bere 30 urte baino gehiagoko ibilbidean zehar, erakunde ´proaktiboa’-ren ospea irabazi du eta 50 milioi libera esterlinako negozio bolumena izateraino hazi da, pertsonetan eta fabrikazio teknologietan bideratutako inbertsioak egitearen ondorioz. Orain, PLC Seniorren babespean dihardu LPEk, bere Flexonics Dibisioko kidea den heinean, eta inbertitzen jarraitzen du, dibertsifikatuz eta petrolio eta gasaren, telekomunikazioen, industria aeroespazialaren eta lur eta itsasoko sistemen eta sistema nuklear eta ontzigintzakoen defentsaren sektoreetan dituen bezeroei zerbitzatzeko dituen ahalmenak handituz.

Azken 12 hilabeteetan, LPEk, jada ISO 14001 eta 18001 egiaztagiriak dituenak eta AS9100 egiaztagiria lortzeko lanetan ari denak, bigarren fabrikazio planta ireki du. Planta berriarekin 2.787 m2 gehiago ditu, eta orain 11.214 m2 ditu guztira fabrikaziorako, hau da, neurri handiko piezen proiektuak bolumen txikietan kudeatzeko ahalmen handiagoa dauka, 4 m-ra arteko luzera duten piezak lantzeko gai diren makinekin, eta gai da, baita ere, bolumen handiagoko lanak egiteko mekanizazio malgurako dituen bi sistemetan. Lan guztia goi mailako teknologiakoa eta balio erantsi handikoa izatea da joera, mekanizatzen zailak diren eta perdoi justuak dituzten materialak landu ohi baitira. Planta berriak bere azken inbertsiorako tenperatura espezifikoki kontrolatuta duen ingurune bat dauka: makina erreminta bat, zehazki, DANOBAT HG-72 makina, lan astunetarako artezteko makina unibertsala. Makina horrek 3000 mm ditu puntuen artean eta 640 mm-ra arteko diametroak arteztu ditzake, 1,5 tona arteko pisua duten piezetan. Bere B ardatzari esker, CNC bidez kontrolatutako motorra txertatuta du eta makinak askotariko artezte lanak egin ditzake, baita barrualdeak, kanpoaldeak eta hariak arteztea ere. Makinaren harri-burua 45 kW-ko motor batek eragiten du eta 45m/s-ko abiadura periferikoak sortzen ditu. Harriaren gehienezko diametroa 610 mm-koa da.

DANOBATen makina berri hau ohiko bezero batekin epe luzera hartutako konpromisoari erantzuteko erosi zen, eta bezero horrek LPEren 10 urteko proiektu batean parte hartuko du. “Lan horrek lehentasuna badu ere, sortu dugun aparteko gaitasun horrekin aurretik egin ezin genituen beste artezketa lan batzuk hartu ahal izango ditugu. Ziur aski DANOBATen HG-72 makina da Erresuma Batuan azpikontratazio lanetarako dauden CNC artezteko makina unibertsaletatik ahalmenik handiena duena, eta horrelako makina bat edukitzeak aukera berri batzuk izatea ahalbidetuko digu. Horrez gain, doitasun handiko makina da eta tamaina handiko osagaiak artezten utziko digu, 0.01mm-ko perdoietan, eta osagai horietako askok lodiera txikiko horma sekzioak izango dituzte´, esan du Nathan Daviesek, Lymington Precision Engineerseko Produktu Berrien Garapeneko zuzendariak.

LPEk bazuen artezteko makinen gama zabala, baina makina hau da DANOBAT etxeari erositako lehena, nahiz eta hasieran Nathan Daviesek ´jada ezagutzen zuenarekin gelditzeko´ asmoa zuen. Halere, DANOBAT lantegira egindako bisita batean azkar konturatu zen makinaz aldatzeko ordua zela. “Gure ohiko hornitzaileari eta zein DANOBATi hiru pieza arazotsu eman genizkien. Ohiko hornitzaileak aparteko kostuez baino ez zuen hitz egiten, bestalde, DANOBAT prozesua garatzen hasi zen, hori baino ez. Ziklo gehigarriak eskaini zizkiguten hariak barrualdetik artezteko, haztapen bidez neurtzeko zikloak gehituta, eta proiektu osoan gurekin elkarlan estuan aritzeko konpromisoa hartu zuten. Piezetako batzuek 1,1 metro arteko sakonera dute barrualdeko diametroan eta soilik 2 mm-ko horma lodiera; orain pieza horiek arteztu ditzakegu 0,02 eta 0,01 zentrokidetasun perdoiekin diametroan eta 0,4ko erradioarekin. DANOBATek bere gain hartu zuen erantzukizuna hasieratik bukaeraraino, eta arazoak konpontzeko bideak eskaini zituen, ideia finkoetara mugatu gabe. Horrek azkenean konbentzitu gintuen hornitzaile egokia aukeratu genuela eta piezen gainean ditugun ezagutzak eta haiek artezketan duten esperientzia elkartu ahal izango genituela.´

LPEren plangintza xehakatuak ziurtatu zuen makina arazorik gabe heldu eta instalatu izana, izan ere, ia kontingentzia posible guztiak aurreikusi ziren eta makinarekin ohikoak diren gai eta ekipo osagarrien sorta zabala zehaztu ziren. Barrualdeak artezteko aplikazio guztiak estaltzeko, LPEk bost torloju eskatu zituen, horietako bat karbono zuntzezko ardatzarekin, diametro eta luzera arteko erlazioa muturrekoa baitzen. DANOBAT HG-72 artezteko makinak, gainera, in-process neurketa absoluturako unitate bat dauka txertatuta: DANOBAT MDM. Sistema horrek diametro ugari neurtzeko aukera ematen dio LPEri. Artezte zikloa amaitu ondoren eta pieza puntuen artetik atera aurretik, post process egiaztapena egin daiteke. LPEren eta DANOBATen arteko elkarlanaren ezaugarrietako bat makinan egindako aldaketa espezifikoak izan ziren, hozgarri sistema bikoitza esaterako. Horren bidez LPEk hozgarria azkar aldatu dezake, epe luzerako proiektuko bezeroaren lanak eskatzen duen hozgarri “garbitik´ lan orokorretan erabili ohi den hozgarri normalera pasatuta, adibidez. Horrez gain, makinaren barrualdeko estalkiak altzairu herdoilgaitzezkoak dira, piezak kutsatu ez daitezen. Laguntza teknikoko zerbitzua ere funtsezkoa izan zen erabakia hartzeko unean; DANOBATek Erresuma Batuan zerbitzu teknikoak zituenez, edozein unetan haiengana jotzeko aukera ematen zuen, eta hori beste berme bat izan zen Nathan Daviesentzat.

´DANOBATekin lan egitea espero ez genuen aparteko abantaila izan da; enpresa erronketara irekita dago eta bere ingeniariak prest agertu ziren gurekin elkarlanean aritu eta ideiak trukatu eta garatzeko. Makinaren prezioa garrantzitsua bazen ere, egoera hipotetiko ugari aurkeztu genien, kasuak planteatuta, honen estiloko galderak eginez: “eta hau gertatzen bada….´; DANOBATek denak onartu zituen eta prezio finko bat eman zigun makinarako, prezioan software laguntza sartuta, 12 hilabetetan artezketa ziklo berriak behar izanez gero haiek programatuko zituztela aginduta. Are gehiago presionatu genuen DANOBATeko lantaldea; izan ere, konfidentzialtasun klausulak direla eta, lehen fasean ezin izan genizkien piezen xehetasun guztiak eman, eta gure bezeroak presionatu gintuenean fabrikazioari ekiteko, DANOBATek bi hilabetez aurreratu zuen makinaren entrega. Guretzat, elkarlan estu horrek ekarri digu zerbait nahiko berezia lortu izana, artezketa ahalmenari dagokionez´, esan du Nathan Daviesek.