SORALUCE, Makina-Erreminten Berrikuntzaren Sariaren irabazlea
SORALUCEk Makina-Erreminten eta Fabrikazio Teknologien Diseinu eta Berrikuntzako Sari Nazionala irabazi du BIEMHen, Osagarri, Osagai eta Tresnen modalitatean H200 modeloko buru automatiko indexatuari esker. Alderdi funtzionalak optimiza ditzakeela eta aldaketa automatikorako prestatutako ardatza etengabe erregulatzeko aukera duela izan dira arrazoi nagusiak epaimahaiak saria SORALUCE enpresari emateko.
Angel Maria Mendiak, I+G-ko zuzendariak eta Ibon Romanek, buruaren diseinatzaileetako batek, jaso zuten saria, eta hauxe adierazi zuten: «Sari honek motibatzen gaitu eta gure produktua merkatuan kokatzen saiatzean lagundu egiten digu. Garrantzitsua da, gure ustez, mota honetako sariak lortzea, guztiontzat oso motibagarria delako eta egindako lana ere saritzen dela; 50. urteurrena ospatzen ari garen une hauetan batez ere». Horrez gain, SORALUCEk epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen TA-35-A modeloko bankada finkodun fresatzeko gunearengatik. Fresatzeko makinen, mandrinatzeko eta fresatzeko makinen eta teknologia aurreratuko eta goi-mailako ekoizpeneko Fresatze Guneen diseinuan eta fabrikazioa liderra den enpresa pozik agertu zen sari horiekin. SORALUCE enpresa DANOBATGROUP taldean dago, eta gaur egungo BIEMH erakusketan zutabe mugikorreko FR-12000 mandrinatzeko eta fresatzeko makina bat aurkeztuko du. Buruko aldaketa automatikoa du, moduluzko hodi-irteera du. Horrez gain, saritutako TA-35-A bankada finkodun fresatzeko gunea ere badu.