- Makinak azken aurrerabide teknologikoak ditu bezeroei doitasunik handiena eskaintzeko
- Tornu berriak granitozko bankada, orgak eta buru hidrostatikoak, motor linealak eta dardaren aurkako sistema ditu
- “Gure ezagutza bezeroaren ‘know-how’-arekin osatzen dugu soluziorik onena eta pertsonalizatuena emateko', diote DANOBATen
Datozen asteetan,
DANOBATek metalurgia sektoreko erakustazoka garrantzitsuenetan aurkeztuko du gogorrean torneatzeko doitasun handiko bere LT-400 tornu berritzailea. Makina hori anbizio handiko apustua da, bezeroei produkzio-sistemetan abantaila lehiakorrak emango dizkieten teknologia berriak merkatuan sartzeko. Izan ere, makina berriak piezak oso-osorik mekanizatzen ditu bestelako mekanizazio-prozesurik behar izan gabe.
Tornu berria metalurgia sektoreko Europako bi erakustazoka nagusienetan aurkeztuko dute:
AMB eta
BI-MU. Lehenengoa irailaren 16tik eta 20ra bitartean egingo da Alemaniako Stuttgart hirian; bigarrena berriz, irailaren 30etik urriaren 4ra Milanen .
LT-400 makinaren proposamena euskal enpresak tornuak, artezketa makinak eta makina-erremintarako bestelako makinak ekoizten duen eskarmentu zabalean oinarritzen da.
Know-how horri bezeroei neurrira egindako soluzioak eskaintzeko gaitasuna gehitzeak, gogorrean torneatzeko gama berria sektoreko apustu berritzaileenetarikoa bilakatu du.
Tornua bereziki diseinatu dute pieza zilindriko zein ez zilindrikoekin lan egiteko. Hori dela eta, ekipamendu egoki-egokia da hainbat sektoretarako, hala nola, automobilgintza, osagai hidraulikoak, doitasunezko trokelgintza, ekipo ondasunetarako osagaiak eta bezeroak gogortasun handiko piezei doitasun osoko akabera ematea behar duen guztietarako.
LT-400 tornua merkatuko gehieneko doitasuna eskaintzeko gai egiten duten hainbat faktore daude diseinuan. Lehenik eta behin, granitozko bankadak egonkortasun termikoa ematen dio, dardarak hobeto xurgatzen ditu eta hondar-tentsiorik gabeko materiala denez, doitasun geometrikoa mantendu egiten du denboran zehar. Horren guztiaren eraginez, beste material batzuekin egindako lan-guneak baino egonkorragoa da tornu honena. Gainera, bankadak 45 graduko inklinazioa dauka txirbila ateratzea errazagoa izan dadin.
Aipagarria da baita ere, dardarak moteltzeko sistema integratua dakarrela, zeinak lan-gunea oso ondo isolatzen duen.
Era berean, kontakturik gabeko teknologia hidrostatikoa duten orga gurutzatuek gidaritza-sistema ez gastatzea bermatu, stick-slip efektua ekidin eta moteltzeko gaitasun handia eskaintzen dute. Sistema hidrostatikoak egonkortasun termikoa ziurtatzen du olioaren tenperatura une oro kontrolatuta egoten delako.
X eta Y ardatzen motor linealak erregela optikoek kontrolatzen dituzte eta neurtutako tenperaturan hozten dira. Gainera, motor horiek tarteko elementu mekanikorik ez dutenez, mantentze-lanen arteko denbora nabarmen luzatzen da, mugimendu-transmisiorako beste sistema tradizionalekin alderatuz gero.
Horiez gain, aipagarria da baita ere buruak kojinete hidrostatikoak eta motor integratua dituela, biak ala biak, hoztuta. Doitasun handiko
encoder-a ere badu, buruaren ardatzean bertan zuzenean muntatuta dagoena.
LT-400 tornu berriak mekanizaziorako beste eragiketa batzuk integratzea ere ahalbidetzen du. Makinek, nahi izanez gero, hainbat karga eta deskarga automatizatu mota integra ditzakete .
DANOBATeko Torneaketa Zuzendari Javier San Miguelen arabera, LT-400 tornuaren balio erantsia “ez datza makinaren doitasun handian soilik'. “Makina-erremintaren eta produkzio-sistemen arloetan dugun ezagutzari, bezeroak bere produkzio-prozesuaz duen
know-how-a gehitzen diogu soluziorik onena eta pertsonalizatuena eman ahal diezaiogun', dio.
DANOBATi buruz
DANOBAT kooperatiba DANOBATGROUP taldeko kide da eta makina-erremintarako eta produkzio-sistemetarako soluzio berritzaileak ekoizten ditu. Euskal enpresak balio erantsi handiko soluzioak eskaintzen ditu artezketarako, ebaketa eta zulaketarako eta torneaketarako. Gainera, trengintzarako eta material konposatuko egiturazko piezak produzitzeko sistemen automatizaziorako neurrira egindako soluzioak ere ematen ditu.
DANOBATek I+G zentro propioa dauka eta neurrira egindako soluzioak nahiz aplikazio berezietarako makinak garatzen ditu hainbat sektoretarako, hala nola, aeroespaziala, trena, automobilgintza, eolikoa, ekipo ondasunak, azpikontratazio tailerrak, egitura metalikoak eta OCTGa. Produkzio lantegiak ditu Elgoibarren . Baita 11 delegazio ere, eta
sare komertzial eta zerbitzu sare zabala munduan zehar.