Skip to main content
2018/03/27

DANOBATek doitasun handiko tornu bat garatu du NBI Bearings Europerentzat, Okondon duen fabrikazio lantegian

DANOBATek doitasun handiko tornu bat garatu du NBI Bearings Europerentzat, Okondon duen fabrikazio lantegian
  • Errodamenduen fabrikazio lerro erabat automatizatu batean integratuta dago soluzioa
  • Garapenak gogorreko torneaketa lanak egiten ditu, prozesuaren errepikakortasun handiarekin eta egonkortasunarekin
  • Tornu baten malgutasuna eta artezteko makina baten doitasuna eta ekoizpena konbinatzen ditu soluzioak


DANOBATek, makina-erreminten eta ekoizpen sistema aurreratuen fabrikatzaileak, doitasun handiko tornu bat garatu du NBI industria taldeko kidea den NBI Bearings Europe errodamenduen fabrikatzailearentzat.

Soluzioa, zeinak fabrikazio lerro erabat automatizatu batean beste ekipamendu batzuekin batera funtzionatzen duen, ekoitzitako osagai mota sarri aldatu behar duten serie laburretara egokitu daiteke, eta artezketa teknologiaren bitartez lortutako emaitza berberak ditu, kalitateari dagokionez.

NBI Bearings Europe industria sektorerako neurrirako errodamenduak diseinatzen, fabrikatzen eta saltzen espezializatuta dago. Konpainiak ekoizpen prozesuko fase guztiak kontrolatzen ditu eta ezaguna da etengabe teknologian inbertitzearen alde ari delako, errodamenduak ahalik eta kalitate estandarrik altuenekin ekoiztea bermatzeko.

 

 

LT-400-torneaketa

Erronka

NBI Bearings Europek errodamenduen uztaiak ekoizteko ekipamendu teknologikoki aurreratu bat bilatzen zuen; izan ere, uztai horiek eskakizun handiko osagaiak dira, bizitza ziklo luzean lan karga handiak jasateko gai izan behar direlako.

Era berean, eskatutako soluzioa fabrikazio lerro automatizatu batean sartu behar zen, hainbat artezteko makinarekin batera. Hortaz, erronka nagusietako bat zen sistema sendo baten fabrikazio zikloetara oso ondo moldatuko zen makina bat garatzea, hau da, ekoizpen zikloak atzeratu gabe, egonkortasunarekin, errepikakortasunarekin eta mikratako eskalan doitasun handieneko emaitzak bermatuta.

Funtsezko beste gako bat zen malgutasuna. NBI Bearings Europek pieza mota desberdinak fabrikatu ditzakeen garapena behar zuen, artezketa soluzioen produktibitate maila eta perdoi berberekin.

 

Soluzioa

Planteatutako premiei erantzuteko, DANOBATeko espezialista taldeak doitasun handiko tornu bat garatu zuen. LT-400 gamako tornu bat zen eta bezeroaren eskakizunetara ondo moldatzen zen.

Soluzioak karga eta deskarga sistema automatiko bat dauka, pintza bikoitzeko robot batekin eta conveyor batekin. Sistema horrek errodamenduaren uztaia tornuan sartzen du automatikoki eta loturan kokatzen du.

Garapenak makinan zentratzeko sistema automatiko bat dauka, zapatarik eta gidarik gabea; beraz, bermatzen du torneaketa prozesua hasi aurretik pieza ondo posizionatuta egongo dela.

Sistema aurreratu horrek aurre-zentratze fase bat eta zentratze fin bat ditu, eta neurketa zunda bat ere badauka uztaiaren kokapena egiaztatzeko eta neurtzeko.

Zentratze sistema automatikoa denez, ez dago zertan doikuntza mekanikoak egin, fabrikatu beharreko piezen erreferentzia aldatu behar denean. Horrela, lotura doitzean egon ohi diren alfer denborak desagertzen dira eta produktibitatea handitzen da.

Zentratze sistema automatikoari esker tornua soluzio ezin hobea da sorbalda izenez (rib) ezagutzen den errodamendu zatiaren torneaketarako –oso profil aldakorrak ditu zati horrek-, tresnen set upa egin beharrik eduki gabe.

Garapenak ultradoitasunezko zimurtasun parametroak bermatzen ditu, 0,4 mikra baino gutxiagoa Ra batekin, eta aire pneumatikoko sistema bat ere badauka platera erabat garbitzeko, torneaketa prozesuan sortutako txirbil zati posibleak kenduta. Funtzionaltasun horri esker, ez dago arriskurik fabrikatutako piezaren lotunera hondakinak itsasteko eta eskatzen den kalitate ezaugarririk gabeko osagaiak egiteko.

Soluzioak piezen kalitatearen kontrolerako gune bat dauka, zeinarekin fabrikatzaileak ezarritako denborak neurtu daitezkeen ekoizpen erritmoa eta lan fluxua moteldu gabe.

Garapenak, beraz, bezeroaren pieza tipologia ezberdinetara egokitzeko ahalmena edukitzeaz gain artezteko makinen ekoizpen eta doitasun mailak ditu.

Ekipamenduak prozesuaren errepikakortasuna bermatzen du, bai eta fabrikatutako pieza guztiak berdinak izatea eta bezeroak neurriei, geometriei eta zimurtasunari lotuta eskatzen dituen parametro guztiak betetzea ere.

Hori lortzeko, DANOBATeko adituak, artezketa eta torneaketa teknologietan espezializatuta daudenak, bezeroarekin elkarlan estuan aritu ziren, eskakizun guztiak beteko zirela eta helburuak lortuko zirela bermatzeko, makina-erreminten fabrikatzailearen bikaintasun zentroan egindako hainbat probaren bitartez. Leku horretan mekanizazio probak egiten dira, bezeroak bere premietarako egokiena den soluzioa aukeratu ahal dezan eta inbertsioa egitekotan segurtasun osoarekin egiteko.

Teknologia aurreratuenak dituzten soluzio berritzaileen fabrikazioan egindako ibilbideaz gain, DANOBATek aliantzak ezartzen ditu bere partnerrekin, eta aliantza horien emaitza dira balio erantsi handiko zerbitzuak, aktiboak zentzuz kudeatzeko, ekoizpena optimizatzeko eta makinek beren bizitza ziklo osoan lehen egunean bezala funtzionatzea ziurtatzeko.

lt-400-neurketa