DANOBATek hobi-tornu bat instalatu du Kostako Tranbiarako Ostenden
DANOBAT trengintzarako ekipoak ekoizten aditua den enpresa da eta bere merkatua handituz doa. Izan ere, Belgikatik eskaera garrantzitsua egin diote. Oraingo honetan, Belgikako Flandria eskualdeko hiri-garraioa kudeatzen duen Vlaamse Vervoermaatschappij De Lijn enpresak hobi-tornu bat egiteko kontratua DANOBATi esleitu dio. Tornu hori Ostende hirian instalatuko da eta eskualde horretan zerbitzua emango duten tranbien gurpilak ber-profilatzeko erabiliko dute.
DANOBATen hobi-tornuak trenen errodaduren eta diskozko frenoen mantentze-lan zuzentzaileak, trenaren ardatzak desmuntatu beharrik gabe egin ahal izateko berariazko makinak dira. Gainera, gurpil-errei zirkulazioak eragindako higadura eta deformazio logikoa jasaten duten gurpilen profilak birsortzeko diseinatuak daude. DANOBATentzat proiektu hori lehentasunezko erronka da, edozein motatako tren-errodaduren mantentze-lanetarako ekipoak behar dituzten proiektuei erantzunez, merkatu belgikarrean duen presentzia sendotu ahal izateko. Trengintzarako produktu indibidualak ekoizteaz gain, DANOBAT produkzio-lantegi eta gurpildun materialen mantentze-lanetarako tailerretarako neurrira egindako soluzioak egiten aditua da. Horren adibide dira DANOBATek Australia eta Indian, bogie eta ardatz muntatuen mantentze-lanetarako linea osoak ekoizteko sinatu dituen hiru kontratuak.