Skip to main content
2019/07/29

Danobatgroup laugarren urtez batu da BIND 4.O ekimenera

Danobatgroup laugarren urtez batu da BIND 4.O ekimenera
  • Taldeak berriro ere berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egin du Eusko Jaurlaritzaren enpresen azeleraziorako programaren barruan
  • Plataforma horren laugarren edizioak orain dela gutxi ireki du euskal enpresa handiekin proiektuak garatu nahi dituzten startupentzako deialdia
  • Garapen bidean dauden enpresek datorren irailaren 13ra arte eman dezakete izena programan

Elgoibar, 2019ko uztailaren 29a.- Digitalizazio industrialaren esparruan aurrera egiten jarraitu eta sektoreak dituen erronka teknologikoei aurre hartzeko xedez, Danobatgroup enpresa taldeak laugarren urtez jarraian parte hartuko du BIND 4.0 ekimenean. Plataforma hori Euskadin industria adimentsua garatzera bideratuta dago, eta aurtengoa izango da laugarren edizioa.

Deialdia uztailean ireki da, eta startupek irailaren 13rarte eman dezakete izena. Horrela, deialdia itxi ostean, startup eta enpresen arteko lankidetzak esleituko dira eta 52 euskal enpresa handi izango dira mundu osoko startupekin arituko direnak soluzio teknologiko berriak aurkitzeko.

“Berrikuntza teknologikoa eta erakundeen arteko lankidetza gakoak dira aurrera egiten jarraitzeko eta abangoardian egoteko eta, horregatik, hasiera-hasieratik egin genuen apustu plataforma horretan parte hartzeko. Orain arte ekimen horren barruan burutu ditugun proiektuek oso emaitza onak ekarri dizkigute eta oraingoan ere uste dugu proposamen interesgarriak garatu ahal izango ditugula", adierazi du Elena Urkiak, Danobatgroupen Bind 4.0 proiektuko arduradunak.

Industria adimentsuko proiektuen azeleratzaile hau sendotzen ari da berrikuntza irekiko plataforma gisa eta hirukoiztu egin ditu bere zifrak egin diren hiru edizioetan, aurten guztira 52 izango baitira enpresa traktoreak, iaz 40 izan zirelarik. Bestalde, aurtengo berritasuna izango da elikagaien sektorea gehitu dela deialdian, lehendik zeuden Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Osasunarekin batera.

 

Enpresa handiekin egindako proiektu errealak

BIND 4.0 programa Eusko Jaurlaritza eta SPRI Taldea erakundeek sustatzen dute, eta 2016an egin zen lehen aldiz. Bere xedea da startup berritzaileen eta Euskadiko enpresa handi kontsolidatuen arteko topagune izatea, aukera ederra baita euskal industriaren eraldaketa digitala bultzatzeko. Era berean, ekimen berritzaileen finkapena ahalbidetzen du erreferente diren bezeroekin egindako proiektu errealen bitartez.

“Euskal enpresa handiek startupekiko duten interesa beste arlo batzuetan emandako laguntzarekin osatzen da, hala nola fakturazioan eta prestigiodun bezeroen bitartez merkatuan sartzean, baita garapenaren hasierako fasean inbertsiorako eta finantzaketarako ematen diren aukerekin ere. Horiek horrela, bi helburu konbinatzen ditugu: garatzen ari diren enpresa proiektuen azelerazioa eta enpresa kontsolidatuak eraldaketa digitalerantz bultzatzea”, azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

Aurtengo BIND 4.0 edizioan euskal enpresekin lankidetzan aritzeko interesa duten startupek bind40.com webgunean kontsultatu dezakete deialdiari buruzko informazio guztia.