Skip to main content
2021/09/02

Danobatgroupek 600.000 euro bideratuko ditu “Elkarrekin Eragin” lankidetza sozialeko programara

Danobatgroupek 600.000 euro bideratuko ditu “Elkarrekin Eragin” lankidetza sozialeko programara
  • Ekimenaren testuinguruan, industria taldeak Bizipoza, Walk on Project (WOP) eta Gipuzkoako Autismo Elkartearekin lankidetzan jardungo du
  • Danobargroupek erakunde horiei ematen dien laguntza bere ingurunearen eraldaketa sozialarekiko eta kohesio sozioekonomikoarekiko konpromisoan kokatzen da

 

Gizarteratzea sustatzea, gaitz neurodegeneratiboetarako terapia berriak ikertzea eta autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonentzako eta senideentzako azpiegitura berriak sortzea dira Danobatgroup-en "Elkarrekin Eragin" gizarte lankidetzako programaren bigarren edizioaren zutabeak. Ekimen horretara 600.000 euro bideratuko ditu industria taldeak datozen hiru urteetan.

"Elkarrekin Eragin" Danobatgroupek 2018an abiarazitako lankidetza proiektua da, taldearen konpromiso soziala handitzeko eta langileen parte hartze aktiboaren bitartez lankidetza proiektuak garatzen laguntzeko.

Aurten bigarren ediziora iritsi da programa hau, eta proposamenen fasearekin hasten da. Fase horretan, taldeko langileek beren ustez laguntzak jaso behar dituzten proiektuen hautagaitzak aurkezten dituzte. Hautagaitzak baloratu ondoren, proiektu finalisten hautaketa egiten da, eta, azkenean, langile guztiek bozketa irekia egiten dute. 

Hautes prozesu horren ondorioz, programaren bigarren edizio honetan, honako hauek aukeratu ziren: Bizipoza erakundearen gizarteratzeko eta elkartasuna sustatzeko bi proiektu; Elgoibarko Santa Klara komentua birgaitzeko lanak, GAUTENA Gipuzkoako Autismo Elkartearen beharretara egokitzeko; eta Walk on Project (WOP) erakundearen gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako terapia berrien garapenean aurrera egiteko entsegu kliniko bat finantzatzea. Hiru erakunde horiek 600.000 euro jasoko dituzte hurrengo hiru urteetan hautatutako ekimenen helburuak lortzeko.

Danobatgroupek Bizipozarekin eta WOPrekin kolaboratzen duen bigarren aldia da "Elkarrekin Eragin" programaren esparruan; izan ere, erakunde horiek beraiek aukeratu zituzten langileek programaren lehen edizioan ere. GAUTENAren kasuan, erakundea Danobatgroupeko programaren onuradunen artean dagoen lehen aldia da.

“Elkarrekin Eragin programaren bigarren edizioak baieztatzen du heldutasuna duela gure gizarte eraldaketako jardueretan taldeko langileen inplikazioa sustatzeko jaio zen programak. Danobatgroupentzat, bere gertuko eragin eremuarekiko konpromisoa bere DNA korporatiboaren parte da. Programa honen bitartez gure ingurunearen garapen sozioekonomikoari ekarpena egin nahi diogu, eta horretarako diferentzia markatzen duten proiektuekin elkarlanean jardungo dugu. Hori guztia egin nahi dugu proiektuei gure erakundeko pertsonen gogoberotasuna eta parte hartzea erantsita” dio Danobatgroupeko lehendakari Andres Mazkiaranek.

 

Gizarteratzea, osasun ikerketa eta etxe berri bat Gautenarentzat

Bizipozak, behar berezidun familien ongizatea bermatzeko lanean aritzen diren 35 elkarte biltzen dituen taldeak, hezkuntza gida bat sortuko du "Elkarrekin Eragin"en laguntzarekin hezkuntza arautura zein ez-formalera (kultura edo aisialdia) zuzendutako unitate didaktikoak sortzeko. Gida horren helburua izango da testuinguru sozioekonomiko desberdinen inguruko sentsibilizazioa indartzea eta gizarte inklusibo baten eraikuntzan aurrera egitea.

Gidaz gain, erakundeak martxan jarriko du ”Tokiko Boluntariotza: KM0 BIZIPOZA” ekimena, tokiko elkartasuna indartzea eta kultura eta hezkuntzako eragileen arteko sareak sortzea helburu duena, horien bidez erakunde publikoen eta gizartearen arteko elkarlana errazteko.

Aurten hautatuko WOPen proiektuak jarraipena ematen dio "Elkarrekin Eragin"en aurreko edizioan hasitako ekimenari. Zehazki gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketan aurrera egitean datza proiektua. Danobatgroupek erakunde honi egindako ekarpen ekonomikoak balio izango du haur leukodistrofiari aurre egiteko terapia baten entsegu klinikoak egiteko, ama zeluletatik abiatuta.

Era berean, taldearen laguntzak balioko du gaixotasun neurodegeneratiboen ezagutza eta sentsibilizazioa hobetzeko WOPek egingo dituen jarduerak bultzatzeko.

"Elkarrekin Eragin"en funtsak jasotzeko hautatutako hirugarren ekimena Udalak Gipuzkoako Autismo Elkarteari (GAUTENA) utzi dion Elgoibarko Santa Klara komentua birgaitzeko obra da.  Lan horien helburua da erakundeak Deba bailaran eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzea.

Proiektuan honakoak aurreikusten dira: komentuko instalazioak egokitzea familiei espazio zabalago eta egokiagoa emateko elkarteak eskaintzen dituen atseden programetarako, instalazioak erakundearen eta eskualdeko familien arteko elkargune bilakatzea, eta eguneko zentroetan dauden pertsona nagusiei espazio berde zabal bat eskaintzea beraientzako dauden programak garatzeko.

Elkarrekin Eragin programaren bigarren edizioak jarraipena ematen dio 2018an sortutako programari, taldeak eraldaketa sozialarekiko duen konpromisoa sendotzeko eta langileen parte hartzea handitzeko. Lehen edizioan, taldeak 552.000 euro dedikatu zituen programa honetara.

Elkarrekin Eragin ekimenaz gain Danobatgroupek beste lankidetza ekimen batzuek ere bultzatzen ditu. Izan ere, taldeak eraldaketa soziala du bere printzipio kooperatiboetako bat. Danobatgroup bere ingurunea eraldatzeko asmoz sortu zen, enplegua sortuz, aberastasuna eta ongizatea sortuz, gizarte-kohesioa sustatuz, aurrerapen ekonomikoa bultzatuz eta euskal hizkuntza eta kultura sustatuz.

Taldea osatzen duten kooperatibek mozkin garbien % 10 Kooperatiba Sustapeneko funtsetara eta interes publikoa duten beste helburu batzuetara (IPDK) bideratzen dute. Zehazki, izaera sozial eta kulturaleko elkarte, erakunde eta ekimenekin aktiboki lankidetzan aritzen dira, besteak beste, Gurutze Gorriarekin, Lurgaiarekin edo Mundukiderekin.

 

Danobatgroupi buruz

Industria fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea egin du, eta Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsonak baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminta eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.