Danobatgroupek eta Fagor Arrasatek xafla ebakitzeko lerro bat garatu dute laser blanking teknologiarekin
-
Enpresek beraien gaitasunak batu dituzte teknologia aldetik punta-puntakoa, sendoa eta lehiakorra den irtenbide bat sortzeko, makina-erremintaren sektorea kanpoan proiektatzeaz gain nazioartean duen posizionamendua indartuko duena.
-
Prentsa ebaketa tradizionalaren alternatiba da, eta abantaila nagusitzat ditu malgutasuna, prozesu osoaren automatizazioa eta kostuen murrizketa.
-
Soluzioa automozioaren sektoreari, prototipazioari, ibilgailu elektrikoei eta ekoizpen prozesuan altzairu edo aluminiozko formatuak behar dituzten beste eremu batzuei dago zuzenduta bereziki.
Danobatgroup makina-erreminta fabrikatzaileak, xafla transformaziorako negozio unitatearen bidez, eta Fagor Arrasatek, altzairuzko konformazio soluzioen garapenean munduko liderrak, bobina metalikotik abiatuta xafla ebakitzeko soluzio aitzindari bat diseinatu eta fabrikatu dute, ekonomiarako estrategikoak diren sektoreetan erabiltzeko; automobilgintzan, adibidez.
Soluzioa, laser blanking modura ezagutzen dena, alternatiba berritzailea da ohiko prentsa ebaketarekin alderatuta. Lankidetza aliantza baten emaitza da, eta Danobatgroupi eta Fagor Arrasateri−biak ere Mondragon Korporazioko kideak− bi enpresen arteko teknologia transferentzia bultzatu, eta teknologikoki punta-puntakoa, sendoa eta lehiakorra den soluzio bat sortzea ahalbidetu die. Makina-erremintaren sektorea kanpoan proiektatzen duen garapena da, eta euskal industriaren nazioarteko posizionamendua indartzen du.
Orain arte erabilitako sistemekin alderatuta lehiarako duen abantaila nagusia, blanking prentsarekiko prestaketa denborak murrizten dituela da, bai eta aldaketarako malgutasun handiagoa eskaintzen duela eta trokelaren erabilera ezabatzen duela ere; eta laser konbentzionalari dagokionez, produktibitate handiagoa eta ebaketa kalitate hobea eskaintzen dituela. Garapenak hainbat teknologia konbinatzen ditu prozesu osoaz modu automatizatuan arduratzeko, eta, beraz, bobinatik datorren materiala lautu, ebaki eta azkenik pilatu egiten da.
Makinak, laser ebaketarako hainbat buru izan ditzake, material ezberdinekin lan egiteko gaitasuna du, hala nola, altzairu arruntarekin, herdoilgaitzarekin, HSS erresistentzia handiko altzairuekin edo aluminioarekin, eta gainera, zabalera, lodiera eta kalitate ezberdinetan.
Garapen hau, hain zuzen, automobilen fabrikatzaileei (OEMS), automobilgintzako osagaien hornitzaileei (TIER1) eta ebakitako xafla formatu ugaritan hainbat industria enpresari ematen dieten zerbitzu zentroei zuzenduta dago.
Automobilgintzaren eremuan, soluzio hau bereziki erabilgarria da ibilgailu serie laburrak edo mugatuak, gama bereziak zein ibilgailu elektrikoak fabrikatzeko, eta baita ordezko piezak eta karrozeria fabrikatzen dituztenentzat ere.
Aplikazioak izan ditzake prototipatzean ere, sistemaren malgutasunak diseinu aldaketak ahalbidetzen dituelako, trokelak erabili beharrik gabe.
“Lerro malgua denez, neurri zabalera desberdinetara egokitu daiteke eta fabrikatu beharreko piezen irudia xaflaren gainazal osoan banatu daiteke, materiala askoz hobeto aprobetxatuz. Bandako piezen banaketa ezin hobe horren ondorioz, % 10 arteko materiala aurrezten da. Ehuneko hori oso garrantzitsua da; izan ere, materialari dagokio kostuen % 80”, Mikel Lopez Fagor Arrasateko Siderurgiako Negozio Unitateko zuzendari komertzialaren esanetan.
Beste onura garrantzitsu bat da, trokelak behar ez direnez, ekoizpena ez dela gelditzen, piezen geometria desberdinak aurrez programatuta daudelako; hala, ekoizpen aldaketa ia berehalakoa da. Gainera, espazioa aurrezten da lantokian, trokel multzo guztiak biltegiratzeko eremuak jada ez direlako beharrezkoak.
Interkooperazioaren balioa
Soluzio hau diseinatzeko eta fabrikatzeko, beharrezkoa izan da beraien jarduera eremuetan liderrak diren bi enpresen gaitasunak batzea. Danobatgroupek laser ebaketa soluzioen garapenean duen ezagutza eta simulazio softwareen garapenean duen gaitasuna jarri ditu. Fagor Arrasatek, berriz, materialen prozesaketan eta automobilgintzaren sektorearen beharrizan eta eskakizunetan duen ezagutza.
Bi enpresetatik ziurtatu dutenez, “kideak eta osagarriak diren bi enpresen arteko lankidetzak aukera eman du bakoitzaren gaitasunak konbinatzen dituen produktu bat garatzeko, honela merkatuari irtenbide berritzaile bat eskainiz eta balio erantsia sortuz”.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea egin du eta, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsonak baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea nazioarteko erreferentziako eragilea da makina-erreminten eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.
Fagor Arrasateri buruz
Fagor Arrasate nazioarteko liderra da prentsak eta estanpazio sistemak, xafla ebakitzeko eta prozesatzeko lineak, eta pieza metalikoak prozesatzeko ekipo eta lerroak diseinatzen eta fabrikatzen. 60 urtetik gorako esperientzia du, bai eta 900 profesional baino gehiago ere, mundu osoan.