Skip to main content
2025/03/11

Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta

Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
  • 2023an, Euskal talde industrialak zifra historikoak lortu zituen eta, urte horrekin alderatuta, %2 hazi da, makina-erremintaren sektorean duen lidergoa sendotuta.
  • AEB, Frantzia eta Italia esportazioetan hazi dira, eta sektore aeroespazialak igoera nabarmena lortu du 2024an
  • Azken zikloan egin diren 80 milioi euro baino gehiagoko inbertsioekin Danobatgroupeko enpresak prest daude datozen erronketarako, azken belaunaldiko instalazio eta gaitasunak eskuratu baitituzte.
  • 2025ean Danobatgroupek plan estrategiko berriari ekin dio, eta urte honetarako ere aurreikuspenak onak izango direla iragartzen da, eskaera zorroa sendoa eta proiektu desafiatzaileak baititu.  


Danobatgroup euskal talde industrialak, makina-erremintan liderra denak, fakturazio marka hautsi zuen berriro 2024an (344 milioi euro), tentsio geopolitiko gero eta handiagoek, merkatuaren ziurgabetasunek eta ekonomia globalaren dezelerazioak markatutako sektorean bere lidergoa sendotuta.

Nerea Aranguren Danobatgroupeko zuzendari nagusiak azken urteko balantzea eta datozen urteetako bide orria markatuko duten ildo estrategiko nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean.

Termino ekonomikoetan, 2024a urte historikoa izan zen berriro taldearentzat. 2023an baino %2 gehiago fakturatu zuen (337 milioi euro), eta esportazioen zifrak %90etik gora mantendu zituen, Danobat eta Soraluce atzerriko merkataritzako marka nagusiak izanda.

Merkatu kontsolidatuetan, esaterako, Alemanian (esportazio guztien %8,5) eta Txinan (%5,8), lurralde bakoitzeko testuinguru ekonomiko eta politiko ezberdinen ondorioz presentziak behera egin badu ere, Estatu Batuetan (%15,4), Frantzian (%5) eta Italian (%7,9) presentzia hazi egin zen 2024an. Era berean, sektore aeroespazialak (%29,9) igoera nabarmena izan du, ekipo ondasunen eta ingeniaritza orokorraren sektoreak izandakoaren parera hurbilduta (%35,2); halere, sektore hori taldearen sektore nagusia da oraindik ere.

2024an, taldeak beste sektore batzuetan ere izan zuen presentzia, esaterako, trengintzan (%5,2), energian (%7,4) eta automobilgintzan (%6,6), eta oraindik ere presente dago sektore horietan, auto elektrikoarekin dagoen ziurgabetasuna gorabehera.

I+G+B arloan inbertitutakoa diru sarreren %9 baino gehiago izan zen, eta taldeak berrikuntza teknologikoaren alde egindako apustua IDEKO bere partner teknologikoaren jardueraren bidez agerian geratu zen batez ere, taldearen berrikuntza motorra eta berrikuntza sortzeko eta Danobatgroupeko negozioetara transferitzeko gakoa baita. 2024an 46 patente aktiborekin itxi zen, aurreko ekitaldian baino 2 gehiagorekin.

Pertsonei dagokienez, 2024ko amaieran Danobatgroupek enplegu maila egonkorrak izan zituen. Guztira 1.459 pertsona zituen, horietatik 1.032 Euskadin, taldeak Gipuzkoako Itziar, Elgoibar eta Bergara udalerrietan dituen instalazioetan banatuta.

80 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa

2024an Danobatgroupeko azken plan estrategikoaren inbertsio zikloa ere amaitu zen. 80 milioi euro baino gehiago inbertitu dira, eta horrekin taldeko hiru enpresei, Danobat, Soraluce eta Goimekei, azpiegiturak eta gaitasunak hobetzen lagundu zaie.

“Egin ditugun inbertsio estrategikoei esker, orain posizio ezin hobean eta prest gaude ziklo berriak,  zirkunstantzia geopolitikoengatik are ziurgabeagoa izango denak, planteatuko dizkigun erronkei aurre egiteko, eta inbertsio handi gehiago egin beharrik gabe”, nabarmendu du Nerea Arangurenek.

Jarduera horiekin guztiekin, gaur egun taldeak 52.000 m² ditu guztira Euskadin bere soluzioak ekoizteko. Abangoardiako instalazioak, azken belaunaldiko teknologia eta ekipoekin hornituak, eta eraginkortasun energetikoko neurriak ere ezarrita dituztenak, gero eta zorrotzagoak diren proiektuen erronkei aurre egiteko diseinatuak.


Plan estrategiko berria

2025ean Danobatgroupek plan estrategiko berriari ekin dio, eta urte honetarako ere aurreikuspen ekonomikoak onak izango direla iragartzen da, ahalmen eta azpiegitura berriak baititu, proiektu zorro sendoaz eta proiektu interesgarriez aparte.

“Ziklo berri honetan, lau ardatz nagusitan (berrikuntza teknologikoa, serbitizazioa, dibertsifikazioa eta nazioartekotzea) lan egingo dugu talde gisa elkarrekin aurrera egiteko, Adimen Artifiziala, jasangarritasuna eta talentua zehar lerro gisa hartuta”, jakinarazi du Arangurenek.

Urte hasiera honetako mugarri batzuek, hala nola Danobatek doitasuneko roboten gama berri bat abiarazteak edo Danobatgroupek SAEKI Suitzako startupean inbertitzeak, garbi erakusten digute taldeak merkatu nitxo berriak esploratzeko eta fabrikazio aurreratuko eskaintza dibertsifikatzeko asmoa duela, une oro sektorearen bilakaerari erne egonda eta bere ingurune hurbilena ahaztu gabe.

“Talde kooperatiboa gara eta, beraz, ez dugu alde batera utzi behar gure helburua kalitatezko enplegua sortzea eta gure ingurunearen garapen ekonomiko eta soziala bultzatzea dela oraindik ere. Uste dugu ezarritako ildo estrategikoekin hazten, berritzen eta merkatu globalean dugun posizioa sendotzen jarraitu ahal izango dugula, aldi berean Euskadin kalitatezko enplegu kooperatiboa sortzen eta euskal gizarteari balioa ematen jarraituta”, esan du Arangurenek, amaitzeko.

 

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.400 pertsona baino gehiago ditu plantillan, eta 344 milioi euroko fakturazioa. Taldea MONDRAGON Korporazioko kide da, eta makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren sektorean nazioarteko erreferentea, eta Danobat, Soraluce eta Goimek dira bere enpresa nagusiak.