Danobatgroupek Garapen Iraunkorreko Helburuekin duen konpromisoa bermatzen dute EcoVadisen bi ziurtagirik
-
Euskal talde industrialeko Danobat eta Soraluce enpresek urrezko eta zilarrezko kalifikazioa lortu dute, hurrenez hurren, EcoVadisek, enpresen iraunkortasunaren ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez erreferentea den enpresak, egin dien ebaluazioan.
-
Ebaluazio entzutetsu horrek egiaztatzen du taldeak iraunkortasunaren alde egiten duen apustua; izan ere, taldeak ekintza plan espezifiko bat garatu du, bere plan estrategikoan integratuta, NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuak betetzeko
Danobatgroup talde industrialak berretsi egin du ingurumenarekin eta klimarekin, ingurunearen eraldaketa sozialarekin eta giza kapitalaren garapenarekin duen konpromisoa. Estrategia horren ondorioz, Danobatek eta Soralucek, makina-erremintaren fabrikatzailearen intsignia diren bi enpresek, EcoVadisen babesa izan dute 2021ean, klimaren eta ingurumenaren aldetiko iraunkortasunean, etikan eta gobernantzan egiten dituzten ahaleginengatik, EcoVadisen ziurtagiria eskuratuta. Aitortza oso ezaguna da, eta enpresa biek iraunkortasunaren alde egiten duten apustua balioesten du.
Zehazki, Danobatek urrezko kalifikazioa lortu du, eta Soraluceri, berriz, zilarrezko domina eman diote. Taldeak NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GJH) duen konpromisoa indartzen eta sustatzen dute aitortza horiek.
"Danobatek eta Soralucek iraunkortasunarekin duten konpromisoa ziurtatzeko EcoVadisek egin dien ebaluazioan lortutako kalifikazio handiak animatzen gaitu norabide horretan aurrera egiten jarraitzera, eta gure DNA kooperatiboaren aitortza da. Hau da, aitortzen du epe luzera begira gaudela eta, horri esker, eraldaketen erritmoan eboluzionatzeaz gain erronkei aurrea hartu ahal diegula, negozio eredu adimendunen bidean aurrera eginez", ziurtatu du Danobateko zuzendari nagusiak.
Ebaluazio sistema zorrotza
EcoVadiseko aholkulari independenteek erabiltzen duten metodologiak enpresen iraunkortasuna kudeatzeko sistemaren kalitatea ebaluatzen du, haien politika, ekintza eta emaitza zehatzak aztertuz, eta enpresa jarduera irizpide hauen arabera kalifikatzen du: ingurumen iraunkorra, araudi etikoa, giza eskubideen errespetua eta lan arauen betetzea.
EcoVadis plataformak iraunkortasuna neurtzeko sistema harmonizatu bat ezartzen du, errendimendu adierazle komunen bidez, konparazioak egiteko, enpresa bakoitzaren egungo egoera ezagutzeko eta hobekuntza eremuak identifikatzeko.
Ebaluazio prozesua egin ondoren, Danobat makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen fabrikatzaileak urrezko domina jaso du. Domina horrek aitortzen du enpresak iraunkortasuna kudeatzeko duen ereduaren kalitatea; bezeroen beharretara egokitzeko, bezeroei eskaintzen dizkien soluzio eta zerbitzuak pertsonalizatzen dituzte, eta iraunkortasuna eta erantzukizun soziala balio katearen maila guztietan integratzen dituzte zeharlerrotasunez.
"Danobaten ibilbidean, azpimarragarria izan da bikaintasunaren bilaketa, gure bezeroen lehiakortasuna handitzeko eta erronka teknologikoei erantzuteko. Bidaia horretan, iraunkortasuna etorkizuneko industria eraikitzeko baldintza gisa agertzen da. Berrikuntzaren eta hazkunde iraunkorraren alde egiten dugun apustutik hartutako konpromisoa da, eta gure konpainia osatzen duten pertsonen talentuari esker gauzatzen da", esan du Xabier Alzagak, Danobateko zuzendariak.
Soralucek, fresaketa, mandrinaketa eta funtzio anitzeko soluzioen teknologien garapeneko liderrak, berriz, zilarrezko kategorian lortu du ziurtagiria, iraunkortasun egituratu eta proaktiboaren ikuspegiari esker.
"Soralucen, uste dugu garapen iraunkorra eta ingurumenarekiko errespetua funtsezkoak direla etorkizunean, eta, horregatik, epe labur eta ertainerako ekintza plan bat dugu iraunkortasunaren alorrean. Gainera, gure kudeaketa sistema hobetzeko lanean ari gara, ekintza ukigarriak ezarriz. Izan ere, iraunkortasuna ez da guretzat eremu berria; izan ere, duela 10 urte baino gehiago, 2010ean, makina-erremintaren sektorean, ISO 14006 arauaren Ekodiseinua Kudeatzeko Sistemaren ziurtagiria lortu zuen lehen enpresa bihurtu zen Soraluce, bere produktuen ingurumen inpaktua murrizteko konpromisoagatik", esan du, bukatzeko, Rafa Idigorasek, Soraluceko zuzendari gerenteak.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko plantilla bat dauka, 1.300 pertsona baino gehiagok osatuta. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.