DANOBATGROUPek hitzaldia eman du Euskaltzaindiaren Biltzarrean
Euskaltzaindia bere 100. urteurreneko biltzarra egiten ari da Arantzazun, eta DANOBATGROUPek lanbideen arloko hitzaldi sorten artean industria arloko ponentzia aurkeztu du.
Euskara batuak 50 urte bete ditu, eta urteotan egindako ibilbidea eta etorkizunerako erronkak aztertzen ari dira urriaren 4tik 6ra bitartean Arantzazun egiten ari diren jardunaldietan.
Jardunaldiak hainbat atal ditu, eta lanbideen inguruko atalean DANOBATGROUPeko Ibon Serrano ingeniariak hitzaldia eman du. Hitzaldiaren izenburua “Euskara batuaren erronkak makina-erremintan: asko egin dugulako daukagu asko egiteko” izan da.
Hitzaldian, Ibon Serranok azaldu du azken 20 urteetan DANOBATGROUPeko kooperatibetan eta sektore osoan aurrerapauso nabarmena eman dela, euskara planei esker. Horren adierazgarri dira, besteak beste, DANOBATGROUPek sortutako Makina Erreminta Hiztegia eta Tailerreko Eskuliburu Teknikoa. Euskara batuaren erabilerari eta prestigioari dagokionez, aurrerapauso handiak egin badira ere, etorkizunerako hainbat erronka planteatu ditu DANOBATGROUPek industria sektorerako.