Etorkizuneko talentu ikertzailea saritu du Danobatgroupek
-
Ardatzak artezteko doitasunezko makina-erreminta baterako Tecnuneko Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek sortu duten diseinuaren kalitatea aitortu du taldeak
-
Ikasleek atzo defendatu zituzten beren proiektuak epaimahai ebaluatzailearen aurrean, IDEKOko (makina-erremintaren fabrikatzailearen berrikuntza motorra) instalazioetan egindako ekitaldian
-
Sari hauek dira industria errealitatearen eta hezkuntza komunitatearen arteko loturak estutzeko asmoarekin industria taldeak eta Tecnunek izenpetutako lankidetza hitzarmenaren parte
Talentua prestatzearen alde egiten duen apustuaren eta hezkuntza komunitatearekin duen konpromisoaren barruan, Danobatgroupmakina-erreminten eta ekoizpen soluzio aurreratuen fabrikatzaileak industriako fabrikazioari aplikatutako berrikuntza proiektu bat saritu du. Tecnun Nafarroako Unibertsitatearen Ingeniarien Goi Eskolako Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleek garatutako proiektua da.
Alejandra Areñas, Lourdes Crespo, Alain Lacunza eta Juan Pérez de Iriartek osatutako taldeak jaso du saria, ardatzak artezteko doitasunezko makina baten diseinua aurkeztu baitzuten. Soluzioa sortu, dimentsionatu eta aurkeztu egin zen garapenaren barruan, eta hori egitean industria taldeak ezarritako baldintzak bete behar zituzten, hau da, makinak urtean 12.000 ardatz ekoitzi behar zituen, piezak kargatzen eta deskargatzen utzi behar zuen, eta fabrikazio ingurune automatizatu baten txertatuta egon behar zen.
Soluzioaren diseinua planteatzeaz gain, ikasleak makinaren pieza estrukturalak eta aplikazioak garatzeaz arduratu ziren, fabrikazio digitalean, 4.0 industrian eta adimen artifizialean oinarrituta, hori baitzen ebaluaziorako irizpide giltzarrietako bat.
Ikasleak taldeka aritu ziren lanean, eta atzo defendatu zituzten beren proiektuak Mikel Arizmendi TECNUN irakasleak eta Harkaitz Urreta IDEKOko Diseinu eta Zehaztasun Ingeniaritzako arduradunak osatutako epaimahai ebaluatzailearen aurrean, makina-erremintaren fabrikatzailearen berrikuntza motorra den IDEKOko instalazioetan egindako ekitaldian.
Sariak Danobatgroupek eta Tecnunek 2015ean elkarrekin ezarritako lankidetza hitzarmen baten barruan sartzen dira. Hitzarmen horren arabera, Masterreko ikasleek industria taldeak planteatutako erronka teknologiko berari egin beharko diote aurre.
Aurtengo edizioan, 56 ikaslek hartu dute parte guztira, 14 taldetan banatuta. Horietatik 4 talde finalera igaro ziren, eta atzo euren ekimenak defendatzeko aukera izan zuten.
Proiektuak garatu aurretik, ikasleek prestakuntza teoriko-praktikoa jaso zuten Danobatgroup eta IDEKOko adituen eskutik.
“Tecnunekin dugun aliantzaren helburua da hezkuntza komunitatearekin ditugun harremanak estutzea eta Unibertsitatean ikasitakoa fabrikazio ingurune errealetara hurbiltzea. Ikasleen ezagutza teknikoak sustatzeko eta sormena, berrikuntza, ikerketa eta lankidetza bezalako trebetasunak sustatzeko aukera dira sari hauek." ziurtatu du Iker Usabiagak, Danobatgroup-eko gizarte kudeaketako zuzendariak.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.300 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.
Tecnuni buruz
Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritzako Goi Eskolak etorkizuneko ingeniariei prestakuntza profesionala, zientifikoa eta humanoa eskuratzen laguntzen die. 1961ean sortu zen, eta harrezkero irakaskuntzan, ikerketan eta gizarteari zerbitzua ematen dihardu modu orekatuan, jarduera horiek guztiak elkarren osagarri izanda.