FAGOR ARRASATEk bere fabrikazio prozesua optimizatzeko SORALUCErengan jarri du bere konfiantza
SORALUCEk neurri handiko FX-20000 fresatzeko-mandrinatzeko makina hornitu dio FAGOR ARRASATEri, enpresa horrek Arrasaten duen plantarako. FAGOR ARRASATE deformazio bidezko makina erremintak diseinatzen, fabrikatzen eta hornitzen mundu mailako espezialista da. FAGOR ARRASATE, gaur egun, deformazio bidezko makina erreminta fabrikatzaileen artean mundu mailan lehenengoa da produktu zorroari dagokionean eta, fakturazioari erreparatuz gero, munduko hiru lehenengoen artean dago. FAGOR ARRASATE prentsa, estanpazio sistema, bobina metalikoen ebaketa eta prozesatze linea, eta txapazko piezak egiteko sistema berezien diseinuan, fabrikazioan eta hornikuntzan espezializatzen da.
FAGOR ARRASATEk 6 lantegi ditu munduan zehar eta bere presentzia globala da merkatu osoan, hirurogeita hamar lurraldetan erreferentziak izanik. Mundu mailan dauden automobil, pieza estanpatu, altzairu edo aluminiozko formatu eta bobina, etxetresna elektriko, metalezko altzari, forjatutako pieza edo ijeztu elektriko fabrikatzaile nagusi gehienek FAGORen ekipamenduak dituzte. FAGOR ARRASATE prentsa mekanikoak fabrikatzeko prozesuaren optimizazioan murgilduta dago, eta teknologia aurreratuko zutabe mugikorreko fresatzeko-mandrinatzeko makina bat eskuratzerakoan SORALUCEren aldeko apustua egin du, FX-20000 modeloarena, hain zuzen ere. Fagor Arrasatek izan duen salmenta igoera handiak, nahiz neurri eta abiadura handiagoko prentsa mekanikoak fabrikatzeko merkatuan dagoen joerak, neurri handiko makina hau erostera eraman du FAGOR ARRASATE, horrela, bere mekanizazio ahalmena handituz. Bere fabrikazio prozesuan nuklearra den makina da. Izan ere, bere prentsetan estrategikoak diren piezak mekanizatuko ditu, betearazpen epe kritikoak dituztenak; kasu horietan, neurri handiak direla-eta oso zaila da kanpoan soluzio bat aurkitzea. FX-20000 fresatzeko-mandrinatzeko makinak prentsaren egitura nagusiaren osagaiak mekanizatuko ditu, 180 Tn-ra arteko pisua duten buruak, orgak ta oinarriak, hain zuzen ere; pieza horiek konplexutasun maila handikoak eta geometria eskakizun oso zorrotzak dituztenak dira. SORALUCEk erabat pertsonalizatua den soluzioa eskaini du, FAGOR ARRASATEren beharretara egokitutakoa: zutabe mugikorreko fresatzeko-mandrinatzeko makina da, 20000 mm-ko luzetarako ibilbidearekin, 4800 mm-ko ibilbide bertikalarekin eta 1900 mm-ko zeharkako ibilbidearekin, biratzen ta mugitzen den 5000 x 3500 mm-ko mahaia duena, eta 150 Tn-ra arteko piezentzako gaitasunarekin. Makinak 200 mm-ko diametroa duen kaina modularra du, 1200 mm-ko ibilbidearekin, prentsako buruaren zuloak lotura bakarrean mekanizatzea ahalbidetzen duena; horrela, prentsak eta, ondorioz, azken produktuak geometria hobezina izateko beharrezkoak diren zentrokidetasun eskakizunak lortzen dira. Kainak, horrez gain, txirbila harrotzeko gaitasun handia eskaintzen du, 88 kW-ra arteko potentziekin eta 10800 NM-ra arteko momentuarekin. Horrez gain, makinak 2,5º x 2,5º-eko buru unibertsala dauka, 46 kW-koa 2000 rpm-tan eta 1530 Nm-ko momentuarekin, eta diseinu berezia du hain konplexuak diren prentsen oinarrietako irisgarritasun gutxiko lekuak mekanizatzeko. FAGOR ARRASATEk teknologia aurreratuko eta bere beharretara egokitutako soluzio baten alde egin du. Horrez gain, produkzio prozesuarekin hasteko SORALUCEren aholkularitza du , SORALUCEko aplikazioen departamentuko mekanizazioko aditu baten laguntzaren bidez.