Skip to main content
2017/11/09

GOIMEK 4.0, Gipuzkoan erreferentea den industria digitaleko proiektua

GOIMEK 4.0, Gipuzkoan erreferentea den industria digitaleko proiektua
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak bertatik bertara ezagutu du proiektua, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru buru izan duen ekitaldi batean.
  • GOIMEK enpresaren parte hartzea  Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarean kokatzen da, non 400 pertsona baino gehiagok 4.0 industriako kasu arrakastatsuak ezagutu dituzten.
  • Aizpuruk DANOBATGROUP  kooperatibak aurkeztutakoaren moduko proiektuek Gipuzkoako industri ehunerako duten garrantzia nabarmendu du.

Digitalizazioan erreferentzia diren enpresen eta Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza sustatzeko asmoarekin, GOIMEKek, doitasun handiko mekanizazioan espezializatutako enpresak, 4.0 Industrian zein gaitasun dituen aurkeztu du gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza baten aurrean egindako ekitaldian.

Topaketa GOIMEKek Itziarren dituen instalazioetan egin da eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk presidituta egon da, eta bertan egon dira, halaber, industria digitaleko proiektuetan egin diren benetako esperientziak ezagutzeko interesa zuten lurralde historikoko enpresa batzuk ere.

Ekitaldiak, Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarearen ekimenetako ekintza bat izanik, lankidetzazko programa hau martxan egon den lehen urtearen balantzea egiteko balio izan du. Programa aitzindaria da Euskadin, eta bere asmoa enpresa txiki eta ertainei erraztasunak ematea da, 4.0 industriara jauzi teknologikoa egitera sustatuz. Izan ere, programari esker enpresa batzuek eta arlo horretan liderrak diren zentro teknologiko batzuek gainerako industriei erakutsi ahal izan diete zer ahalmen eta zer aplikazio dituen industria digitalak.

DANOBATGROUPeko GOIMEK kooperatibari egindako bisitan, diputatuak GOIMEK 4.0 proiektua ezagutu du. Proiektuan makinei sentsorizazio eta monitorizazio soluzio aurreratuak jarri zaizkie fabrikazio prozesuetan gakoak diren funtzionamendu datuak era sistematikoan eta denbora errealean eskuratu ahal izateko.

“4.0 Industriaren eskutik heltzen ari zaigun eta aditu batzuek jada laugarren iraultza industriala deitzen dioten horretan sartuta dago erabat ekoizpenaren sektorea. Gure enpresa ehunak, batez ere enpresa txiki eta ertainek osatutakoak, indarguneak dauzka eta ahuleziak ere bai, besteak beste olatu horretara igotzeko zailtasuna. Horregatik, garrantzitsua da GOIMEK 4.0ren moduko proiektu bikainek beste enpresa txiki eta ertain batzuei ateak irekitzea, 4.0 ekoizpen eta kudeaketa sistemen ahalmena ikusi ahal dezaten eta horietatik ikasi dezaten”, ziurtatu du Aizpuruk.

 

Proiektu bat benetako lan baldintzetan

GOIMEK 4.0 proiektu erakusle bat da, eta benetako lan baldintzetan egiten du lan. GOIMEKen ekoizpen lantegian instalatuta dauden makinak monitorizatzen uzten du, ekipoen egoera urrutitik bistaratzea ahalbidetzen du, eta eskuratutako informazioa aztertzen du egon daitezkeen akatsak diagnostikatzeko, mantentze lan prediktiboak egiteko eta mekanizazio prozesuak efizienteagoak egiteko.

Makinetan instalatutako sentsoreek lainoan gordetzen den informazioa eskuratzen dute bistaratu eta diagnostikoak egin ahal izateko, funtzionamendu eredu errepikakorrak dauden egiaztatzeko, gorabeherei eta akatsei aurrea hartzeko , disfuntzioak zuzentzeko eta geldialdiak ekiditeko.

“Horrela, ekoizpenaren kudeaketan eta mekanizazio prozesuetan efizientzia optimizatzea, ekipoen erabilgarritasuna areagotzea eta energiaren kontsumoa murriztea lortzen dugu”, zehaztu du GOIMEKeko zuzendari nagusi Aitor Alkortak.

Proiektuaren ardatza balio handiko sei ekipamenduen interkonexioaren inguruan gorpuzten da, eta ekipamendu horiek DANOBATGROUPek I+G alorrean egindako apustuari esker beraiek fabrikatutako industria digitaleko gailuz osatuta daude.

Ekipamendu horien artean nabarmendu daiteke azken belaunaldiko funtzio askoko zentroa, FS-16000 izenekoa, zeina neurri handiko eta konplexutasun tekniko handiko piezen mekanizazioan goreneko kalitatea lortzeko diseinatu baita.

“Hitz batean, GOIMEK 4.0k makinetako datuak jasotzeko, biltegiratzeko, prozesatzeko eta aztertzeko aukera ematen du, ekoizpen sistemen funtzionamendua optimizatzeko, efizientzia hobetzeko, erabakiak denbora errealean hartzeko eta kostuetan aurkezteko", gaineratu du Alkortak.

Proiektua DANOBATGROUPek industria digitalaren alde egindako apustuaren barruan sartzen da; izan ere, enpresa talde honek urteko sarreren %8 I+Gn inbertitzen du eta balio digitaleko proposamen bat dauka, makinetako datuak eskuratu eta analizatzeko eta ekipoen kontrol automatizatutako beraiek garatutako soluzioez osatuta.

 

Sare bat aurrera egiten jarraitzeko

GOIMEK 4.0. izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak Fabrikazio Aurreratuko Gipuzkoa 4.0. Sarea estrategian sartzeko aukeratu dituen proiektuetako bat. Estrategia horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak 4.0 Industriaren garapena bultzatu nahi du eta lurralde historikoko enpresa txiki eta ertainen eta Gipuzkoan erreferente nagusiak diren enpresek digitalizazio arloan aurrera eramandako esperientzia arrakastatsuen arteko sinergiak indartu.

Orain arte, 200 bat enpresatik etorritako 400 pertsona baino gehiagok parte hartu dute programa honen barruan egin diren jardunaldietan. Programa Ekonomia Suspertzeko 2016-2019 aldirako Planaren barruan kokatzen da, eta antzeko aurrekari bat dauka Alemanian, Plattform Induestrie 4.0 izenekoa, alegia. Azaro honetan beste bost hitzordu egingo dira eta horiekin aurtengo urterako aurreikusitako jardunaldiak amaituko dira.

Bisita gidatuak, eduki praktikoak eta enpresetan egindako banakako jarduketak–prestakuntza bideratua, diagnostikoa, aholkularitza berezia, probak edo prototipoak eskaintzeko jarduketak– erabili dituzte lurraldean liderrak diren enpresek eta punta-puntakoak diren zentro teknologikoek beren lorpenen berri emateko eta beren teknologia aurreratua Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei erakusteko.

Horretaz aparte, Aldundiak bono teknologikoen programa bat abiarazi du jardunaldi horiek osatzeko. Programa horrekin asmoa du enpresa txiki eta ertainei laguntzea aurrera pausoak ematen 4.0 industriarako bidean. Deialdi honek, oraindik irekita baitago, 400.000 euroko aurrekontua dauka eta gehienez 8.000 euro emango dizkie lurraldeko zentro teknologikoekin elkarlanean 4.0 industriako kontzeptuetan aurrera egiteko proiektuei ekiten dieten enpresa txiki eta ertainei.

“Eraldaketa honetan, gure industriaren etorkizuna jokoan dago; beraz, lurralde gisa ere gure etorkizuna jokoan dago. Garrantzitsua da pertsona zein, enpresa bat ere atzean ez geratzea eraldaketa teknologiko honetan”, esan du bukatzeko diputatuak.

 

 

 

 

GOIMEK industria digitaleko proiektua GOIMEK industria digitaleko proiektua Diputazioaren bisita GOIMEKen Diputazioaren bisita GOIMEKen GOIMEK 4.0 Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat bisitan izan da GOIMEKen