Itziar Arrieta Jauregi markinarrak irabazi du Danobatgroupeko Euskararen eguneko gizarteari zuzendutako lehiaketa
"Euskaraz izango gara" lelopean antolatu du lehiaketa Danobatgroup Kooperatiba Taldeak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Lehiaketa Kooperatiba Taldeak lantegiak dituen herrietako herritarrei eta gizarte osoari orokorrean zuzendu da, eta Itziar Arrieta markinarrak irabazi du saria: produktu ekologikoz osatutako otarre eder bat.
Orain dela 23 urtetik hona ari da kooperatiba talde hau bere egunerokotasuna euskaraz izateko lanean, eta 2021-2024ko plan estrategikoaren markoan ari da euskara planeko erronkak eta helburuak lantzen. Danobatgroupek harreman sare zabala du eta lanerako hizkuntza asko erabili eta kudeatzen ditu, baina Euskal Herriko lantegietako langileekin, hornitzaileekin, bezeroekin, ikastetxeekin eta administrazioekin euskara erabiltzeko erabakia hartua du. Horren adierazgarri dira taldeko kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak eta lortutako eta lortzeko bidean dauden Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.
"Euskaraz izango gara" da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta agertoki hori errealitate bihurtzeko lanean ari da, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean zein teknologia berrietan, besteak beste.