Skip to main content
2010/11/12

Mondragon Korporazioak enpresa-parkeak zabaldu nahi ditu Errusian eta Marokon

Kanpo negozioari esker, euskal taldeak urtean 3.400 milioi fakturatzen ditu, baina zuzendaritzako kideek gehiago nahi dute, jakitun baitira etorkizuneko hazkundea goraka ari diren  herrialdeetatik etorriko dela. Merkatu horietan parke industrial propioak ezartzeko bidea aukeratu du Mondragon Korporazioak bere kooperatibak atzerrian ezartzeko, gehienak ETEak baitira . Kooperatiba gutxi batzuek bakarrik daukate atzerrian euren kabuz hazteko behar besteko enpresa bolumena; esaterako, Fagor Electrodomésticos eta Orona enpresek.

Estrategia horri jarraiki, Euskal Herriko multinazionalak Marokon eta Errusian parke bana zabaltzeko asmoa du. Bi herrialde horietako batean bakarrik du fabrika, Magrebeko lurretan hain zuzen, Fagor Electrodomésticos enpresaren eskumendeko baten bidez . Korporazioak Errusian barneratzea du helburu; batez ere, automoziorako eta linea zurirako dituen hazkunde aurreikuspenak kontuan hartuta. Haatik, herrialdeko ustelkeriak eta munduko krisiak geldiarazi egin dituzte korporazioaren eta Espainiako beste talde batzuen planak. Arrasateko korporazioak 2007an zabaldu zuen atzerrian lehen parke industriala; zehazki, Txinako Kunshan hirian.

Inbertsio handiak

100 milioiko inbertsioa eginda, milioi erdi metro koadro baino gehiagoko azalera du, aurrerago zabaltzen den arte. Fabrika haietan, 2.000 lagun ari dira lanean, eta parkearen kudeatzaileek beste sei konpainia nahiko lituzkete 2014rako nabe haietan, guztira 2.500 langile izatera heltzeko. Mondragon Korporazioaren kanpoko gune nagusia Txina da, dagoeneko hamazazpi fabrika zabaldu baititu herrialde komunistan; bere inbertsio industrialen munduko bigarren helburua den Frantzian baino gehiago, beraz. Kunshanen, ondoko kooperatibak daude: Orbea . Batz, Fagor Industrial eta Fagor Arrasate euskal enpresek ere ekoizten dute Kunshanen. Bestalde, badira Mondragon Korporazioko kide ez diren beste zenbait konpainia ere; hala nola Gestamp Automoción. Indiari dagokionez, Pune hirian kokatuko da enpresa-parkea, eta 220.000 metro koadroko azalera izango du. Bertan izango direla baieztatu dute Danobat, Kide eta Fagor Industrial kooperatibek.

«Bost urte barru, gaurko lanaren fruituak bilduko ditugu» Josu Ugarte, Mondragón Internacionaleko presidentea, irmo mintzatu zen atzo: «Bost urte barru, gaurko lanaren fruituak bilduko ditugu», adierazi zuen enpresak kanpoan ezartzearen alde, Espainiako enplegua salbatzeko xedearekin. Banco Sabadellek Bilbon globalizazioari buruz antolatutako jardunaldietan hartu zuen parte Ugartek; hots, Banco Guipuzcoanok beretu ondoren egindako lehen ekitaldi korporatiboan. Ugartek nazioartean hedatzera bultzatu zituen enpresak, hain zuzen ere kanpokoak direlako datozen urteotan gehien haziko diren merkatuak. Bere kalkuluen arabera, goraka ari diren herrialdeen BPGa % 47,1 handituko da 2010-2015 aldian; Txinakoa, zehazki, % 74,4, eta Espainiakoa % 6,6. Horregatik, José María Aldecoak zuzentzen duen Mondragon Korporazioak 75 fabrika ditu atzerrian.