Skip to main content
2024/02/16

Nerea Aranguren Achotegui, zuzendari nagusi berria Mondragoneko Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren dibisioetan: Danobatgroup eta MIA

Nerea Aranguren Achotegui, zuzendari nagusi berria Mondragoneko Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren dibisioetan: Danobatgroup eta MIA
  • Pello Rodriguez Zabaletaren lekua hartuko du abuztuaren 1etik aurrera, azken honek MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Nagusiko lehendakaritza hartzen duenean.

 

Nerea Aranguren Achotegui, zuzendari nagusi berria izango da MONDRAGON Korporazioko Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren dibisioetan: Danobatgroup eta MIA. Hala berretsi dute bi dibisioetako kontseilu errektoreek, atzo, otsailak 15ean, egindako bileretan.

Horrela, 2024ko abuztuaren 1etik aurrera, Arangurenek, gaur egun Ideko zentro teknologikoko zuzendari nagusia eta Danobatgroupeko Berrikuntzako zuzendaria denak, Pello Rodriguez Zabaletaren lekua hartuko du, azken honek MONDRAGON Korporazioaren Kontseilu Nagusiaren lehendakaritza hartuko baitu, Iñigo Ucinen ordez.

Arangurenek dibisio biak eta MONDRAGON Korporazioa ezagutzen ditu, eta gertuko harremana du biekin. Dibisio horietako enpresa askoren digitalizazio industriala bultzatzeko funtsezko figura izan da, berrikuntza arloko hainbat foro eta batzorde gidatu ditu, eta MONDRAGON Korporazioko Negozio Berriak Sustatzeko Batzordeko kidea da. Era berean, oinarri teknologikoko hainbat elkarte eta enpresatan rol nabarmena du, besteak beste, Fabrikazio Aurreratu Aeronautikoko Zentroko (CFAA) enpresa elkarteko eta Savvy digitalizazio enpresako presidentea eta Basque Artificial Intelligence Centerreko (BAIC) presidenteordea baita.

Zuzendari nagusi berriak gogotsu hartzen du bere gain gerentzia, berrikuntza teknologikoaren eta industriaren arloan duen esperientzia sendoa eskainita. “Ilusio handiz ekingo diot nire ibilbide profesionalaren etapa berri honi. Barru-barrutik eskertzen dut nigan jarritako konfiantza, eta konpromisoa hartzen dut onena emateko, bi dibisio hauek aurrera egiten eta beren esparruetan erreferente izaten jarrai dezaten”.

Nerea Aranguren Achotegui 1973an jaio zen, Donostian, industria ingeniaria da Nafarroako Unibertsitatean, Antolaketa espezialitatean, eta Berrikuntza Estrategikoan doktoretza du. Ideko Zentro Teknologikoan garatu du gehienbat bere ibilbide profesionala, eta han hainbat funtzio bete ditu. Esaterako, ikertzaile izan da bertan, baita departamentuen zuzendaria ere, eta 2016an Zuzendaritza Nagusiaren kargua hartu zuen, eta kargu horretan egon da orain arte, aldi berean Danobatgroupeko Berrikuntza zuzendari izanda.

Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren dibisioei buruz

MONDRAGON Korporazioko Makina-erremintaren Dibisioak, Danobatgroup bezala ezagunagoa denak,  Danobat, Danobatgroup, Goimek, Ideko eta Soraluce kooperatibak hartzen ditu bere baitan, eta makina-erremintan eta fabrikazio aurreratuan erreferentzia da.

MONDRAGON Korporazioko Automatizazio Industrialaren Dibisioak, MIAk, berriz, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Mondragon Assembly enpresak hartzen ditu bere baitan.