Skip to main content
2012/07/02

SMS enpresak ekoizpen-lerro automatizatu handia eskatu dio SORALUCEri

SMS enpresak ekoizpen-lerro automatizatu handia eskatu dio SORALUCEri

15 hilabetez ingeniaritza-kalkuluetan, ebaketa-probetan eta negoziazioetan ibili ondoren, SORALUCEk bere historiako eskari handienetako bat lortu du; ekoizpen-lerro automatizatu handia behar du SMS Meer enpresak. SMS alemaniarra da, 2.400 behargin enplegatzen ditu eta 1.200 milioi euro fakturatzen ditu urtero. SMS taldearen dibisio bat da SMS Meer, mundu mailako merkatuko liderra altzairua, aluminioa eta burdinarik gabeko metalak industrialki prozesatzeko lantegietan eta ingeniaritza mekanikoan. Hazkunde organikoaren bidez eta zenbait enpresa nabarmengarri erosita, SMS Meer lerro osoen hornitzaile nagusi bihurtu da metal-konformazioaren arloan.

Kontratuaren barruan, fresatzeko eta mandrinatzeko 4 gunez osatutako SORALUCE ekoizpen-lerro automatikoa sartzen da, Mönchengladbach-eko lantegian erabiltzeko. Gainera, fresatzeko/mandrinatzeko bi makina ere instalatuko dira lantegi horretan, horietako bat operadoreen prestakuntza-lanetarako. Aachen-eko lantegian SORALUCEren beste bi makina instalatuko dira; bankada finkodun fresatze-gune bat eta instalazio bereko makina berean neurri handiko osagaiak fresatu/torneatzeko F-MT makina ataza-aniztun bat. SORALUCEren fresatzeko/mandrinatzeko makinak mekanizazio-zelula malgu batean integratzea da proiektuaren erronka; horretarako, pieza-elikagailu automatikoaz gain, erreminta kontrolatzeko sistema zentralizatua integratu beharko da. Makinen dinamika altua, % 96tik gorako eskuragarritasuna ematen duen buru aldagarriaren konfigurazioa eta Bimatec-Soralucek eskainitako tokiko zerbitzu teknikoa izan dira proiektuaren arrakastarako gakoak.