SORALUCEren muntaketa planta berriaren inaugurazio instituzionala, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik
-
SORALUCE SUMMIT 2023 ekitaldian, Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak SORALUCEren Muntaketa Planta Berria inauguratu du gaur goizean, kooperatibak Bergarako Osintxu auzoan duen egoitza nagusian.
-
Sektorearen erronkei eta enpresak berak duen hazteko bokazioari erantzunez, makina-erremintaren fabrikatzaileak bere produktuen portfolioan fresatzeko makinen lerro berri bat sartzearen alde egin du. SORALUCE Performance Line da produktu berri hori, eta ekitaldian aurkeztu da.
-
Muntaketa planta berria diseinatzean eta eraikitzean, jasangarritasunari begiratu zaio, eta LEED Gold ziurtagiria izango du. SORALUCEk, horrela, fabrikaziorako duen guztizko azalera handitu du, orain 30.000 m2 baititu horretarako.
-
Hurbilen duen ingurunearekin duen konpromisoaren baitan, SORALUCEk Osintxu auzoaren aurrerabidea sustatzen du, Osintxu Bizi proiektuaren bidez, dimentsio anitzeko ikuspegiarekin, arlo ekonomikoa, industriala, urbanistikoa, ingurumenekoa eta humanoa aintzat hartuta. Osintxu Bizi proiektua elkarlanaren eta talde lanaren adibide garbia da, eta Lehendakariak horrela jarduteko deia egiten du, hazten eta enplegu aukerak sortzen jarraitzeko.
Berrikuntza, espezializazioa, hazkundea, jasangarritasuna eta sektorean 60 urte baino gehiagoz arituta lortutako ikaskuntza baliatuz, SORALUCE SUMMIT 2023 ekitaldian SORALUCEren lidergo espiritua islatu da, fokua hazkundean, esfortzuan, desadostasunean, konpromisoan eta pertseberantzian jarrita.
DANOBATGROUPek, bere inbertsioen esparruaren barruan, 35 milioi euroko aurrekontua du guztira, DANOBATek Elgoibarren dituen instalazioak, GOIMEK Itziarren dituenak eta SORALUCEk Bergaran dituenak handitzeko eta modernizatzeko. Azken horrek, hau da, SORALUCEk, fresaketa, mandrinaketa eta funtzio anitzeko teknologian munduko liderra denak, 15 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu Osintxu eta Mekolalde aldean duen jarduera guztia sendotzeko.
Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak muntaketa planta berri bat inauguratu du gaur goizean, SORALUCEren egoitza nagusian. Planta berriaren 2.530 m2-ak egungo instalazioei gehitu zaizkie, eta fabrikazio azalerak 30.000 m2 izango ditu guztira. Inbertsio horri ekiteko, SORALUCEk Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du, Bilakatu laguntza programaren bidez eta 2019 eta 2021ean Bergarako Udalarekin sinatutako hitzarmen biei esker.
Inaugurazio ekitaldian beste agintari batzuk ere izan dira, hala nola Gorka Artola eta Iker Aldazabal, Jarduneko Bergara eta Soraluzeko alkateak; Igor Gauna, Jarduneko Osintxu Auzo Batzordeko Arduraduna; Arantxa Tapia, Ekonomiaren eta Azpiegituren Garapen Sailburua; Javier Larrañaga, Jarduneko Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Diputatua; Iñigo Ucin, MONDRAGON Korporazioko lehendakaria; Pello Rodriguez, DANOBAGROUPeko zuzendari nagusia; Nerea Aranguren, DANOBATGROUPeko Berrikuntza zuzendaria; Xabier Alzaga, DANOBATeko Zuzendari Gerentea; Aitor Txurruka, GOIMEKeko Zuzendari Gerentea, eta Pepe Perez eta Xabier Ortueta, hurrenez hurren AFMko lehendakari eta zuzendari nagusiak, administrazioetako beste agintari eta ordezkari batzuen artean.
Enpresaren jardueraren hazkundearen eta inguruan enplegua sortzearen aldeko apusturako funtsezkoak dira produktuen eta soluzioen eskaintza zabaltzea eta ekoizpen planta berrietan eta fabrikazio bitartekoetan inbertsio handiak egitea. Apustu horren parte da muntaketa planta berriaren inaugurazioa, SORALUCEri ekoizpen ahalmena are gehiago handitzen utziko baitio, eta aldi berean bezeroei zerbitzu hobea eman ere bai.
Plantan, gainera, Performance Line berria aurkeztu zaio munduari, lerroaren zuzeneko erakustaldiak eginez. Lerro berri hori aurrerapen garrantzitsua da industriak erronka zorrotzenetarako abangoardiako soluzioak eskaintzeko duen ahalmenean. Une honetan, industria sektoreek etorkizuneko erronkei aurre egiteko irtenbide teknologiko gero eta aurreratuagoak behar dituztenean, SORALUCEk beste aurrerapauso bat eman du fresatzeko makinen, mandrinatzeko makinen eta funtzio anitzeko eta automatizazio soluzioen gama zabalduz.
SORALUCEk iraunkortasunaren aldeko apustu sendoa egin du balio kate osoan, bere jarduera eta proiektu sozioenpresariala garatzen uzten dioten jarduerak abian jartzeko. Horregatik, muntaketa planta berria diseinatzean eta eraikitzean, jasangarritasunari begiratu zaio, eta LEED GOLD izango du.
Planta berriak plaka fotovoltaikoak izango ditu, SORALUCEren gainerako fabrikazio plantek bezala. Euskal enpresak eguzki energia ekoizten du ekoizpen plantetan instalatutako eguzki panelen bidez, sareko elektrizitatearen kontsumoa %30 murrizteko eta atmosferara %30 CO2 emisio gutxiago isurtzeko.
Era berean, SORALUCEk 3.500 m2-ko gune berri bat erosi du, egoitza nagusiaren ondoan, buruak fabrikatzeko duen zentro aurreratua handitzeko, non gaur egun zentro horretan beren makinetan txertatzen diren buruak diseinatu, fabrikatu eta testatzen dituzten. 2024an inauguratuko da gune hori. Inbertsio horrekin ere buru horiek fabrikatzeko makina berria erostea aurreikusten da.
Osintxu Bizi
Lurralde baten oparotasuna, zalantzarik gabe, bere industria eta enpresa sarearen aurrerabideari lotuta dago, baina abangoardiako konpainiek bakarrik uste dute beren garapena inguruan duten ingurunearen garapenari lotuta dagoela. Sinbiosi moduko bat da, bi aldeentzat hazkunde kontziente eta etengabea sustatzen duena. Horregatik, industriak eta industriaren modernizazio mailak zeregin garrantzitsua dute Euskadiko biztanleria eta kualifikazio handiko enplegua orekatzeko.
2019an, Eusko Jaurlaritzak Eremu Degradatu izendatu zuen Osintxu, eta, une horretan, Bergarako Udalaren babesarekin eta toki erakundeen, auzoko bizilagunen eta SORALUCE eta LKS KREAN kooperatiben laguntzarekin Osintxu Bizi proiektua sortu zen.
SORALUCEk babestu eta laguntzen du auzoa biziberritu eta hobetzeko abiarazitako Osintxu Bizi proiektua, non era guztietako jarduerak aurreikusten diren (azpiegiturak, ekipamendua, iraunkortasuna, zerbitzuak, enplegua...), auzoaren oparotasuna eta etorkizuneko biziraupena lortzeko helburu komunarekin. Planta berri honen irekiera SORALUCEk auzoaren alde egiten duen apustu horren parte da. Jarduera eta ekoizpen instalazioak zabaltzeaz gain, proiektuak enplegu berriak sortaraziko ditu inguruan, zuzenean zein induzituta. Gainera, Osintxu Bizi proiektuak era guztietako jarduketak barne hartzen ditu GIHetako batzuen inguruan; (1) energia eskuragarria eta ez kutsagarria, (2) lana eta hazkunde ekonomikoa, (3) industria, berrikuntza eta azpiegitura eta (4) komunitate iraunkorrak
“SORALUCEn oso kontziente gara dugun zereginaren garrantziaz. Horregatik, historia komun bat partekatzeagatik harro egonda eta logikari kasu eginez lehenik guri eman zigutenei eman beharko diegula pentsatuta, gure bultzada Osintxuren bultzada bihurtu dugu, auzoaren aurrerabidea sustatuz asmo handiko proiektu baten bidez, fokua dimentsio askotan jarrita, eta arlo ekonomikoa, urbanistikoa, ingurumenekoa eta humanoa aintzat hartuta. Abangoardia teknologikotik abangoardiako gizartea sortzeko. Pertsonengan eta gure inguruan balio erreala sortzeko”. Hala azaldu du Rafel Idigorasek, kooperatibako zuzendari gerenteak.
SORALUCEri buruz
60 urte baino gehiagoko historian oinarritutako esperientzia izanik eta berrikuntzan inspiratuta, SORALUCEk makina-erremintaren sektorearen bilakaeran laguntzen du, sektorearen erreferentzia bihurtu diren ingeniaritzaren arloko soluzio berritzaile eta aitzindarien bidez.
SORALUCEren arrakastaren funtsa dira kalitate bikaina, zerbitzu izarra eta puntako teknologia propioa izatea, teknologikoki produktu bakoitza bezeroaren premia indibidualen arabera pertsonalizatzeko gai izatea, eta nazioarteko izaera nabarmena izatea. SORALUCEk bezeroen aurrerapen teknologikoarekin konprometitutako irtenbide berritzaileak garatzen ditu, mekanizazio erronka zorrotzenei eraginkortasunez eta produktibitate maila handiekin erantzuteko, estandar berriak ezarriz.
SORALUCEk fresatzeko makina, mandrinatzeko makina eta tornu bertikalen gama zabala, funtzio anitzeko soluzioak eta sistema eta lerro automatizatuak eskaintzen ditu, mekanizazio ingeniaritzako aholkularitza profesionalarekin. Esperientzia handiko teknikari talde bat ere eskaintzen du. Teknikari talde horrek gure bezeroen ekoizpena eta mekanizazio prozesuak ebaluatzen ditu, eta horiek optimizatzeko soluzioak ematen dituzte, bezeroek eskatutako kalitate, efizientzia eta kostuen parametroen arabera.
Berrikuntza SORALUCEk egiten duenaren abangoardian dago. Hori dela-eta, SORALUCE aitzindaria da makina-erremintaren sektorea bultzatzen duten teknologia askotan, hala nola DAS® sisteman (Dynamics Active Stabiliser), Modular Quill sisteman (kanabera modularreko sistema) eta Ram Balance sisteman (ahariaren erorikoa konpentsatzeko sistema), horiek guztiak patentatuta daudela.
Marka europarrak esperientzia zabala dauka, dagoeneko 3.000tik gora makina saldu baititu, horien erdia baino gehiago Alemanian, oso merkatu zorrotzean, alegia. Urteekin frogatu ahal izan da, baita ere, bezeroen %80 berriro jarri dutela konfiantza bere produktuetan.
SORALUCE DANOBATGROUPeko kidea da, Europako enpresa talde garrantzitsuenetako bat den Mondragon Korporazioko makina-erremintaren dibisioko kidea, alegia. Hainbat Bikaintasun Zentro ditu Alemanian, Italian, AEBn, Txinan eta Erresuma Batuan, eta I+G zentro propioa ere badu, 120 ingeniari eta 29 doktorerekin eta 30 urte baino gehiagoko historiarekin. DANOBATGROUPek merkatuan dagoen eskaintza multiteknologiko osotu eta lehiakorrenetako bat eskaintzen du. Plantillan 1.400 lagun edukita eta 277 milioi euro fakturatuta, berrikuntzaren aldeko apustu garbia egiten du, I+G+B alorrean fakturazio osoaren %9 inguru inbertituta.