DANOBATek indartu egin du oil&gas soluzioen espezializazio arloa balbulen bolak mekanizatzeko BGM artezteko makinen seriearekin
Oil&Gas sektorea beti nabarmendu da industria merkatuko zorrotzenetarikoa izateagatik. Energia baliabide eskuragarri gutxi egoteak, eta ur sakon, presio handi, tenperatura baxu eta muturreko baldintzetan gero eta jarduera gehiago egiteak, horrek denak eta produktibitate eta fidagarritasun bikaina lortzeko premia latzak, industria erronkatsua bihurtzen dute, mundu konplexu batean.
DANOBATGROUPek giltza eskura erako soluzioetan espezializatutako negozio arlo bat du, Oil&Gas industriarako. Urteak daramatza enpresak munduan liderrak diren fabrikatzaileekin elkarlanean, besteak beste, Aker Solutions, Cameron, Metso, Mogas, NOV, Tenaris, Tpco eta Vallourec enpresekin, horientzako balio erantsi handiko soluzioak eskaintzen hodi, kuplak, presio handiko balbulak, balbulen boladun asentuak, eta bola balbulen bolak eta antzeko piezen mekanizaziorako.
Oraingo honetan, DANOBATek balbulen bolak mekanizatzeko duen soluzioa aurkeztu du, BGM seriea, alegia. 2100 metro arteko diametroak mekanizatu ditzake, bai eta mekanizatzen zailak diren materialak ere, esaterako HVOF herdoilezina, duplexa zein superduplexa. Enpresak artezte teknikaren ezagutzan esperientzia luzea du, eta produktu familia honetan geratzen da agerian hori. Artezteko harri segmentatu baten bidez egiten da mekanizazioa, eta 25 eta 89 kW artekoa da ardatzaren potentzia.
Mekanizazio prozesuan bolaren gainean indarra egiten da, eta indar hori kontrolatzen dute DANOBATen BGM makinek, gainazalen akaberak bezeroek eskatzen dituztenak izatea bermatuta. Era berean, pieza erdiratzeko ardatz bi kontrolatzen dira, harri ardatzaren altuera eta piezaren ardatz horizontalera doituta.
Horrez gain, mekanizazio prozesuan, artezketa aurretik eta artezketa ondoren neurtu daiteke pieza, emaitzak gehiago kontrolatuta. Prozesu osoa gainbegiratu eta aldatu ahal izango du langileak, 12”-ko NC panel grafikoa erabilita, CNC edo PLC teknologia eta bolen artezketarako software espezifikoa baitu.
Bankada, halaber, emaitzarik hoberenak lortzeko diseinatu eta optimizatu da, artezte prozesuaren hondakinak ez pieza ez makinaren osagaiak kaltetu gabe atera ahal izateko moduan. Halere, bai ardatz lineala bai torlojuak babestuta daude edozein hondakinetik, hauspo metaliko eta presurizatuekin, BGM iraunkortasuna bermatzeko.
Makina horiek pertsonalizatzeko aukera bat baino gehiago eskaintzen dute, bezero bakoitzaren eta prozesu bakoitzaren premietara egokitzeko. Aukeran, honako ekipamendu hauek ere eskaintzen ditu, besteak beste: torneaketa eragiketak, diamantatzea, eta erreminta aldaketa automatikoak. Konfigurazio horiek guztiek automatizazioa hobetzen laguntzen dute, eta, beraz, mekanizazio prozesuaren produktibitatea areagotzen ere bai.
Dena dela, DANOBATek segmentu horretarako duen eskaintza handiagoa da. 100 y 1700 mm arteko balbula asentuaren eraztuna mekanizatzeko soluzioak eskaintzen ditu, eta Alemanian planta bat du, DANOBAT-OVERBECK, non balbulen bola txikiagoak artezteko diren makinak fabrikatzen dituen.