Danobatgroupek belaunaldi berriei ateak ireki dizkie Alemanian
-
Tecnungo Ingeniaritza Industrialeko masterreko lau ikaslek Danobat-Overbeck eta Bimatec Soraluceko instalazioak bisitatu zituzten atzo.
-
Aukera hori da Industria taldeak eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak antolatutako Advanced Manufacturing Hackathonen eskuratutako saria.
Danobat-Overbeckek eta Bimatec Soralucek, Danobatgroup industria taldeko Danobat eta Soraluce kooperatibek Alemanian dituzten filialek, fabrikazio aurreratuaren etorkizunerako ateak ireki zituzten atzo Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan Ingeniaritza Industrialeko masterra egiten ari diren lau ikasleren bisitarekin.
Aukera paregabe hori da ikasleek joan den abenduan Advanced Manufacturing Hackathonen lortu zuten saria. Ekitaldia Danobatgroupek Elgoibarren (Gipuzkoa) dituen instalazioetan egin zen, taldeak eta Tecnunek esparru akademiko eta profesionalen arteko loturak sendotzeko 2015az geroztik duten lankidetza akordioaren parte gisa.
Kimetz Burutaranek, Iker Elizetxeak, Alexander Pardok eta Daniel Cornejok osatutako taldearen bisita Overbecken hasi zen, artezketa industrialean Europako herrialdean erreferente den enpresan.
Overbeck fabrikatzaileak, 2002an Danobat kooperatibak erosi ondoren Danobatgroupen integratuta dagoenak, barnealdeak, kanpoaldeak eta erradioak doitasun handiz artezteko eta osagai batzuek, hala nola errodamenduen eraztunek, engranajeek eta abarrek dituzten eskakizun tekniko oso zorrotzei erantzuteko gai diren makinekin duen 100 urteko esperientziaren eta espezializazioaren emaitza erakutsi zien Tecnungo ikasleei.
Ondoren, taldeak Bimatec bisitatu zuen. Soraluceren bikaintasun zentroa da, eta duela 25 urte baino gehiagotik fresaketaren Alemaniako merkatuan aitzindaria da. Han, fresaketarako, mandrinaketarako eta funtzio anitzeko soluzioetarako Soralucek Alemaniako instalazioetan dituen soluzio aurreratuak hurbiletik ezagutu zituzten.
Gune horretan, ikasleak probak eta testak egiteko 3.800 m2-ko tailer batetik ibili ziren. Tailer horren barruan daude saiakuntzetarako Soraluce makinen sorta oso bat, bertako merkaturako irtenbide pertsonalizatuak garatzeko sail tekniko propio bat eta Soraluce Academy, bezeroei hainbat gairen gaineko adituekin harremanetan egotea eta soluzioak eta proiektuak haiekin partekatu eta elkarrekin ikasi eta praktikan jartzea ahalbidetzen dien plataforma, eta Bimateceko funtsezko beste sail batzuk.Tecnuneko ikasleen bisitan, nabarmena izan zen, halaber, Alemanian lan egiten duten sektoreko euskal profesionalekin eta Euskadiko kooperatiben jarduerarekin lotura duten Alemaniako pertsonekiko elkarreragina eta esperientziak partekatzeko izan zuten aukera.
“Formatu berritzaile horri esker ikasleei erakutsi ahal izan diegu nola kudeatzen diren nazioartera irekitako enpresak, hala nola Danobatgroupeko parte direnak, ingurune multikultural eta global batean egunerokoari buruzko esperientziak partekatuz, kultura ezberdinen arteko lankidetzak proiektuen kudeaketan eta enpresen arrakastan nola eragiten duen egiaztatuz”, nabarmendu du Iker Usabiagak, Danobatgroupeko Gestio Sozialeko zuzendariak.
Danobatgroupi buruz
Industriako fabrikazioari aplikatutako teknologikoen alorrean 70 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko 1.400 pertsona baino gehiagok osatutako plantilla bat dauka, eta 337 milioi euroko fakturazioa. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erreminten sektorean eta industriako fabrikazioari aplikatutako teknologietan.
Tecnuni buruz
Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritzako Goi Eskolak etorkizuneko ingeniariei prestakuntza profesionala, zientifikoa eta humanoa eskuratzen laguntzen die. 1961ean sortu zen, eta harrezkero irakaskuntzan, ikerketan eta gizarteari zerbitzua ematen dihardu modu orekatuan, jarduera horiek guztiak elkarren osagarri direla sustatuta.