Skip to main content
2021/07/07

Hirth eta curvic hortzak dituzten piezak multitasking artezteko makina batean ekoiztea

Hirth eta curvic hortzak dituzten piezak multitasking artezteko makina batean ekoiztea

DIVIPREC doitasuneko artezketan eta mekanizazioan espezializatutako enpresa da, munduko liderretako bat da HIRTH eta CURVIC hortzak dituzten koroen fabrikazioan, eta ekoizten duenaren %50 baino gehiago sektore aeronautikoko eta makina-erreminten sektoreko bezeroei esportatzen die.

Eskakizun maila handia du, bai bezeroei hornitzen dizkien piezetan, bai beren ekoizpen sistemetan. “Produktibitatea optimizatzea, zehaztasuna hobetzea eta fabrikazio prozesu osoan fidagarritasuna lortzea ezinbesteko baldintzak dira gure bezeroek eskatzen dituzten zehaztapenak eta eskakizun maila altuak lortzeko", esan du Xabier Rementeriak, DIVIPRECeko zuzendari gerenteak.

Etengabe hobetzearen filosofia hori dela eta, enpresak ekoizpen sistema berri bat garatu du, bezeroek eskatzen dituzten doitasun mailak lortzeko. Bikaintasuna bilatzeko estrategia horren barruan, multitasking soluzio bat eduki behar zuela ere ikusi zuen DIVIPRECek, hainbat eragiketa egin ahal izateko eta ekoizpen prozesuak optimizatzeko.

Helburu bikoitz hori lortzeko, hau da, ahalik eta doitasunik handiena lortzeko eta hainbat prozesu soluzio bakar batean bateratzeko, DIVIPRECek konfiantza izan du Danobat makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen fabrikatzailearen gaitasunetan. DIVIPRECek eskatutako premia guztiei erantzungo dizkien soluzio pertsonalizatua garatzeaz arduratu da enpresa.

Aliantza egonkorra

Makina-erremintaren fabrikatzaileak artezketetan espezializatutako enpresarentzat garatzen duen laugarren makina da, eta horrek bi konpainien arteko aliantza sendotzen du. "Hogei urte baino gehiago daramatzagu Danobatekin lanean, eta bertatik bertara ezagutzen ditugu garatzen dituzten soluzioen gaitasunak eta doitasun bikainak. Emaitzak beti izan dira onak, eta horrek egin du guk berriro haiengana jotzea, eta ez horrek bakarrik, bere teknikari taldearen lan ona ere izan da haiengana bueltatzeko arrazoia; teknikariekin, gainera, etengabe harremanetan gaude.", esan du Rementeriak.

 

Soluzioa garatzeko urtebeteko prozesuaren ondoren, eta oso perdoi estuko balidazio proba zorrotzen ondoren, Danobatek VG-1500 izeneko makina bertikal berri bat entregatu du, 50 mm-15000 mm arteko diametroak dituzten piezak fabrikatzeko aukera ematen duena. Era berean, ataza askoko soluzioa da, hainbat eragiketa doitasun handiagoz egin ditzakeena eta DIVIPRECen fabrikatzen diren piezen tamaina guztietarako balio duena.

VG-1500 makinarekin, DIVIPRECek hobeto arteztu ahal izango ditu gainazal lauak, diametroak, konoak, formak eta Hirth eta Curvic hortzak. Gainera, makinak gainazal guztiak neurtzeko sistema bat du, ukipen haztagailuarekin, eta horri esker pieza jada neurtuta atera daiteke makinatik. Beste ezaugarri garrantzitsu batzuen artean, VG-1500 makinak sei ardatz kontrolatu ditu. Ardatz horietako lau linealak dira: hiru artezketarako eta bat diamantatze lana posizionatzeko eta tartekatzeko; gainerako biak, berriz, torke edo momentu motorren bidez eragiten diren biraketa ardatzak dira. Biraketa ardatzetako bat piezaren burua da, mahaiaren kokapen angeluarrari dagokiona, eta arku segundo bateko doitasuna du, Hirth koroa horzdunek eskatzen duten baldintza nagusietako bat. Bigarren biraketa ardatza B ardatza da; laneko erreminta aukeratzeko erabiltzen da, eta hiru buru eta neurgailu bat ditu.

VG-1500 makina oso makina berritzailea da, enpresa bien arteko lankidetza estuari esker egin da, eta DIVIPRECen ekoizpen prozesuak optimizatzera bideratuta dago. Era berean, doitasun handiko Hirth koroa horzdunak fabrikatzeko aukera ematen du, hori izanik enpresaren lan eremu espezifikoetako bat. Horrez gain, soluzio honekin 1,5 metroko diametroa duten piezak ere doitasun handiagoz egin ditzake, orain arte konpainiak pieza mota horretarako zituen beste makinekin alderatuta.

Bi enpresen azken helburua izan da DIVIPRECen beharrei erantzutea, eta bere bizitza baliagarri osoan ezin hobeto funtzionatuko lukeen makina bat lortzea.

2020ko irailetik, makina bi txandatan dago martxan, errendimendu osoz, eta egunean 16 orduz lan egiten du. DIVIPRECek inauguratutako pabiloi berrian dago, beti 20º-tan dagoen klimatizatutako gela baten barruan, izan ere, hori funtsezko baldintza da bezeroek eskatzen dizkioten doitasunak lortzeko.

Lankidetza berri horren emaitzak positiboki baloratu dira. "Makinak hilabete batzuk daramatza errendimendu osoz funtzionatzen, eta onarpen baldintza guztiak eta oso perdoi estuak betetzen ditu. Beste behin ere, Danobatek bere gaitasun handiak erakutsi dizkigu, eta etengabe hobekuntza proposamenak eta soluzioak ere eskaini dizkigu", gaineratu du DIVIPRECeko gerenteak.

Gaitasun handiko taldea

Soluzio hori lantzeko, Danobatek ingeniariek eta softwareko adituek osatutako gaitasun handiko lantaldea jarri du DIVIPRECen esku. Pertsona horiek euren ezagutza erabili dute prozesua garatzeko eta baita artezteko makinaren arkitektura garatzeko ere. Teknologia horri esker, makina-erreminten fabrikatzailea merkatuko liderra da, 10.000 erreferentzia baino gehiago ditu instalatuta eta presentzia handia du nazioartean.


DIVIPRECi buruz

DIVIPREC doitasuneko artezketetan eta mekanizazio aeronautikoetan espezializatutako enpresa da, produktu propioa du, eta HIRTH eta CURVIC doitasun handiko hortzak dituzten koroak fabrikatzen ditu. Bere helburu nagusia da bere produktuak ahalik eta kalitaterik eta perfekziorik handienarekin egitea, eta zerbitzu fidagarri, azkar eta eraginkorra ematea, merkatuko espektatibarik zorrotzenak betetzeko. Enpresak ISO 9001:2015 arauaren arabera ziurtatutako kalitate sistema du, eta bere produktuak Europa, AEB eta Asia osoan daude.


Danobati buruz

Danobatek makina-erremintetarako soluzioak garatzen ditu goi teknologiako sektoreentzat eta goi mailako baldintza teknikoak eskatzen dituzten bezeroentzat.

Doitasun, fidagarritasun eta produktibitate handiak ziurtatzen dituzten eta mekanizazio prozesurik zorrotzenei aurre egiteko diseinatu diren makina aurreratuak jasotzen ditu bere eskaintzan. Konpainiak balio erantsi handiko osagaiak fabrikatzeko sistemak ere garatzen ditu, eta bere sektorean liderrak diren enpresekin elkarlan estuan aritzen da, lerro erabat automatizatuak eta end to end soluzioak sortzeko, fabrikazio prozesuen etapa guztiak bere baitan hartuta.

Enpresa sendo nazioartekotuta dago, eta ekoizpen lantegiak ditu Espainian, Holandan eta Alemanian, bai eta bikaintasun zentroak ere, herrialde horietan zein Italian, AEBn eta Txinan.

Danobat Danobatgroupeko kidea da, hau da, 1.300 pertsonari enplegua ematen dien eta bere fakturazioaren %8 I+G+B proiektuetan inbertitzen duen talde bateko kidea.